Trama ahulegia

Javier Rojo

"Ortzadarra sutan"
Fernando Morillo
Elkar, 2002

      Euskal literaturan, batez ere narratiban, markatzen ari diren joeren artean badago bat, azken urte hauetan nabarmenki azaltzen dena. Nolabait deitu behar denez, "nerabetze" prozesua deituko dut. Izan ere, euskal literatura helduen neurriko testuak sortu beharrean, gero eta gehiago dira helduen literatuaren itxurapean gazteei zuzendutako testuak, baina gazte literaturaren esparruan ezin sar daitezkeenak. Honelakoa da nire ustez, Fernando Morilloren "Ortzadarra sutan" izeneko nobela.

      Argumentuaren hari nagusia, gazte batzuek bikotea bilatzeko (eta, batez ere, larrua jotzeko) burutu behar dituzten trikimailuen inguruan aritzen da. Honek Estatu Batuetatik hainbestetan datorkigun zine zozoan ikusitako istorioak gogora ekartzen ditu. Morillok, dena dela, badaki halako hari xumeekin nekez egin dezakela oihal egokia eta saiatzen da istorioari perspektiba handiagoa ematen, gazte horiek hamabost urte geroago egiten duten bilera misteriotsua erakutsiz. Istorioa duintasunez janzteko saioa, alegia. Baina pertsonaien bizitzak zertan aldatu diren azaltzeko aukera galtzen du, aldaketa hauek iradoki baino ez baitira egiten. Nobelari sinbolismo arranditsuz blaitutako amaiera bat jazteko prozedura baino ez dela iruditu zait hau.

El Correo, 2002-09-11

 


www.susa-literatura.eus