Xalbador maite

Felipe Juaristi

"Xalbadorren barrua"
Joxe Mari Aranalde
Auspoa, 2001

      Xalbador da, nire iritzirako, bertsolarien artean forma poetikoak ederkien erabili izan dituena. Baieztapen honek ez du esan nahi beste bertsolaririk poesiara hurbildu ez denik; izan ere, gure zorionerako, asko baitira noiz edo noiz poesia eztia isuri dutenak bertsogintzan, baina esango nuke inor ez dela izan Xalbador bezain trebe, Xalbador bezain irmo poesian, inor ez dela izan Xalbador bezain poesiara eramana. Oraindik, bizitzaren astunak, bizitzaren gogorrak jotzen nauenean, Xalbadorrengana jotzen dut, ez kontsolamendu bila —berak ere nekez lortu zuen bizitzan halakorik—, baizik eta hitzen bat edo besteren bat nireganatu nahirik: hitz sendagarriren bat hain zuzen. Xalbadorrek sentimenduz egiten zuen bertsoa, eta harenak bertso minez onduak, negarrez onduak, dira. Joxe Mari Aranaldek behin baino gehiagotan idatzi du Xalbadorri buruz, miresmenaz gainera, maitasunez ere idatzi ere, eta hori antzematen da. Liburu honetan, nolabait esateko, halako sailkapena egiten du Xalbadorren obrarena: "bertso-jartzaile" izan zeneko atala; mendiari eskainitako bertsoena, sortetxe eta sortetxekoena, Euskal herriari kantatu zizkion bertsoena, bere fedea erakusgai jartzen dituena, amodioari buruzkoena, eta bestelakoak. Aranaldek idazketa alaia du, jostalaria ere bai neurri batez; adierazkorra eta adierazi nahia duena. Irakurleari mintzo zaio, irakurlearen adiskide baita, Xalbadorrena izan zen bezalaxe. Batzuetan lehendik esanak zituenak errepikatzen ditu, nahikoa argi geratu ez zirelakoan, besteetan, interpretazio berriak egiten ditu bertsolaritzari buruz eta Xalbadorri buruz. Liburu kuriosoa da, garbia alegia, bere argitasunez asko erakusten duena, zorionez.

El Diario Vasco, 2002-08-11

 


www.susa-literatura.eus