Eresiak

Felipe Juaristi

"Inoiz izan ez garenotan"
Karlos Linazasoro
Erein, 2002

   Gero eta sinetsiago nago poeta bakoitzaren atzean, aurrean edo, batzuenean azpian, teoria moduko zerbait dagoela, askotan teoria bezala, teoria formal bezala, agertzera ausartzen ez bada ere. Egia ere bada, poeta gehienek ez dutela teoria hori adierazteko edo formulatzeko beharrik izaten, ez bazaie hartara estutzen, eta orduan alderantzizkoa ere gertatzen da, poetak teoria idatzi beharrean poema idazten baitu. Gertatu ere gertatzen da, teoria poetiko berri berritzaile eta kikirrikia dutenek, irakasleek gehien bat, poesia idazterakoan, teoria idazten dutela eta ez poesia. Izan ere, poesia bada edo ez da; poema bat ez da beste poema baten aldean hobea edo txarragoa. Poema da; edo ez da. Eta ez denean alferrik deituko diogu poema; hobe, hizkuntzaren itzulinguruak erabiliz, prosa poetiko deitzea, edo prosa besterik gabe. Prosak ere bere ohorea baitu, ez pentsa. Karlos Linazasorok ere badu bere teoria poetikoa. Eta badu, ezin uka, praktika poetikoa. Liburu honetako doinuari erreparatuz gero, ikusiko dugu, nabaria baita, halako eresi doinua, askotan otoitz itxura ere hartzen duena: "Oi euri, langar xume, bildots erreberri,/ nola behar zaitudan". Otoitza izan ere, ondorio da, esperientzia oinarrizkoen ondorio, behar oinarrizkoei buruzko galdera eta eskea; minak eta gabeziak, heriotzak edo heriotzaren ikuspegiak sortutako kezka ere bai. Baina otoitzaz gainera, bada liburuan bizitzaren baieztapen sendo eta argia, baieztapen ukaezina, bizitza, oraintxe bertan dugun bakarra izateaz gainera, gure ondare bakarrenetakoa izateaz gainera, merezi duen zerbait delakoa, kostarik kosta hala ere, bizitzarena baita lanbiderik nekagarrien eta askotan ikusezinena. "Bizitza beste begi batzuekin ikusi; uraren begiekin, ur-begiekin?" Bizitza, Karlos Linazasororen liburuan, maitasunaz antzaldaturik dator, eta maite duena bizi da, berak maite duena biziarazten duen neurrian. "Esana dago: maite zaitut", esaldiak biribiltzen du bizitza, poetaren bizitza hain zuzen.

El Diario Vasco, 2002-04-20

 


www.susa-literatura.eus