Mitologia greko-erromatarra gazteen eskura
Manu Lopez Gaseni
"Metamorfosiak"
Ovidio
egokitzailea: Juan Kruz Igerabide
Erein, 2001
"Gure klasikoak" sailean Ulises liburuarekin hasitako ibilbideari jarraipena eman dio Erein argitaletxeak bigarren titulu batekin: Ovidioren Metamorfosiak obra sonatuaren egokitzapena.
Ovidio, jakina denez, idazle erromatar klasikoa izan zen: Inperioaren urrezko aroan bizi izan zen, Erroma Augusto enperadorearen agindupean emandako urteetan, hain zuzen ere. Amodioaren inguruko obrak idatzi zituen batik bat, Remedia amoris eta Ars Amatoria, eta baita hizpide dugun obra ere: Metamorfosiak.
Azken obra horretan, Ovidiok Greziatik Erromara iragan ziren mito klasikoen berri eman zuen. Antzinateko sinismenek eraikitako kosmogoniaren azalpena. Irizpide kronologikoa zerabilen, munduaren sorreraren mitoetatik Erroma hiriaren eraikuntza arte, egilearen garaia arte, azken batean. Historia luze bezain interesgarri horren kontakizuna hamabost liburutan zehar egin zuen, eta horixek dira euskaraz liburu batean bilduta aurkezten zaizkigunak.
Egokitzapen-lanak Juan Kruz Igerabideren eskutik joan dira, eta horretan ere, Ulisesen kasuan gertatzen zen bezala, bada "metamorfosirik". Izan ere, jatorrian latinezko hexametrotan idatzita zegoena hitz-laura pasatu da, eta gero egin beharreko moldaketak etorri dira. Egokitzaileak berak hitzaurrean aitortzen duenez, "irakurle gazteak mundu klasikoan barneratzeko xedez, alderik narratiboenak hartu eta aldaera irakurterraz samar bat osatzen saiatu naiz (_) irakurlea literatura klasikora hurbiltzeko zubi bat eraikitzea da helburua".
Eta helburu hori ederki lortuta dagoela uste dut nik: erreferentzia klasikorik apenas duten gazteek aukera paregabea dute mendebaleko iruditerian sendo txertaturik dauden elementuen jatorria eta azalpena ezagutzeko. "Edipo konplexua", "Ariadnaren haria", "Pigmalion efektua", "Kupidoren ukitua", "nartzisismoa" bezalako adierazpideen, edo Disneyren bitartez iritsi zaien Herkules, Neptuno eta besteren zergatia jakiteko parada izango du, Metamorfosiak liburuko istorio jakingarrietan barrena.
Deia, 2002-04-12