Bene-benetako lagunaren eskua
Jose Luis Padron
"Bitartean heldu eskutik"
Kirmen Uribe
Susa, 2001
Sakoneko arrazoia da poesia Kirmen Uriberentzat (Ondarroa, 1970). Bene-benetan hartzen du hitz poetikoaren konpromisoa, eta bilaketa espirituala baino gehiago da giza-arazoari ihes ez egiteko jarrera. Poetak ez du beste biderik, poesia da Uriberena, eta zaintzekoa.
Ongi trebatutako lana da Bitartean heldu eskutik, bere lehen poema liburua, nahiz eta hartua genion, han-hemenka argitaratzen joan den olerki lan solteen bitartez, poeta psikologia. Hizkera serioa bezain ernea, espiritu siniskor baten ahotsean hunkigarri.
Benetako lagunarena da luzatzen digun eskua. Baztertzen ez zaituen horietakoa. Bizitza eta heriotza, bi gainegitura horietatik zintzilik dagoen tarte-mundu mundu batean biziarazten gaituena. Nahiago duelako bere buruarekiko maitasunaren agerpena, haren deuseztapena baino. Bere zoriona baita gurea ere. Edo hobe zoriona baino, bizi-minaren su triste horri iraun arazteko indarra. Goxotasunaren indarra dakar Kirmen Uribek, gure ahultasunean gustura entzun nahi ditugun lagun hitzak, kantak, alaitasuna, eta batez ere, lasaitasuna.
Lasaitasuna dela diot barren-barrenean sartzen dizuna, baina elurrak Aizkorrik adinako altuera hartzen duenean bezala, haize gorriak itsasoa fiu airean altxatzen duenean bezala, nahiz erlojua gelditu, denborak aurrera jarraitzen duela dakienaren portaera lasaigarria, sendagarria.
Garai ederrean da euskarazko poesia. Bistan da. Eskura.
Zabalik, 2002-02-09