Hilak eta biziak
Javier Rojo
"Gorde nazazu lurpean"
Ramon Saizarbitoria
Erein, 2000
Ramon Saizarbitoriaren azken liburua, Gorde nazazu lurpean izena duena, bost narrazioz osaturik dago, bost narrazio luze, ia-ia eleberriaren izena merezi dutenak. Beraz, liburu baten itxurapean bost literatur lan eskaintzen dizkigu, zein baino zein interesgarriago. Argumentuaren aldetik bost narrazio hauek elkarrengandik banatuta badaude ere, hari batek lotzen ditu guztiak. Lurperatutako pertsonaiaren baten presentziak bideratzen ditu, aldez edo moldez, narrazio bakoitzaren nondik norakoak. Istorio hauetako protagonistek erlazio oso berezia gordetzen dute lurperatutakoekin, halako moldez non bizitza osoa horien menpe daukatela baitirudi. Baina, erlazioa bikoitza da, zeren hildakoen presentziak pertsonaien bizitzak kontrolatzen dituen neurri berberean, biziek ere ez baitiete hildakoei bakerik ematen, eta askotan hildakoa lurperatzearena bizien kezkarik handiena bihurturik ikusten baitugu. Gauzak honela, narrazio hauetan ez da umore beltzik falta. Ironia eta sarkasmoa ere erruz aurki ditzakegu istorio hauetan, Bihotz bi eleberrian agertzen zen bide bertsutik. Batzuetan idazleak kupidarik gabe astintzen ditu bere istorioetako zenbait pertsonaia, irakurleen aurrean miserableak bailiran aurkezten dituelarik. Eta euskaldunon jokaeraz aritzen denean, Saizarbitoriak ez du kritika baztertzen. Gure artean hain ohikoak diren malenkoniarako eta galtzaileen goraipamenerako joerak, bereziki jorratzen ditu idazlearen luma zorrotzak. Izan ere, euskaldunok joera berezia edukitzen dugu malenkoniarako eta historiako gorabehera askotan galtzaile suertatu izana aurkeztu ohi da aldeko merezimendu bat izango bailitzan. Eroso jokatzen dugun paper honen kontra aritzen da idazlea behin baino gehiagotan. Berriro ere Saizarbitoriak liburu interesgarria baino zerbait gehiago den idazlan bat utzi dugu. Ispilu antzeko bat, geure burua azter dezagun; parodia bat, geure buruaren lepotik barre egiten ikas dezagun.
Ipar Atea, 2001