Rock'n'roll
Gotzon Hermosilla
"Rock'n'roll"
Aingeru Epaltza
Elkarlanean, 2000
Istorioa: Edu kazetaria da, eta azken bolada honetan dena txarto doakio: emazteak etxetik bota du, egunkarian ez dute aintzat hartzen, alkoholak haren nahigabeak areagotzen ditu... Halako batean, hilotz bat agertzen da errekan, eta Edu horren atzean dagoen misterioa argitzen saiatuko da.
Emaitza: Aingeru Epaltzak eleberri bikainak eman dizkigu orain arte, Ur uherrak edo Tigre ehizan, esaterako. Horien aldean, garrantzi txikiagoko lantzat hartu dute zenbaitek Rock'n'roll hau. Ez egin kasurik. Eleberri beltza dugu oraingoa, generoaren topiko guztiak biltzen dituena, baina askoz gehiago ere bada: egunerokotasunaren kritika zorrotza, belaunaldi baten amets galduak, gizarte baten kronika mingotsa... Barre eragingo dizu, baina pentsarazi ere bai.
Nabarmentzekoa: maisu-lana egin du Epaltzak narrazioaren hariak ehuntzen eta genero beltzaren trikimailu guztiak erabiltzen. Baliabide horien artean hizkuntzarena dugu. Askotan esan izan dute euskarak ez duela argotik. Epaltzak, ordea, sinesgarritasun handiz mintzarazten die kazetari, polizia, gaizkile eta enparauei, hizkera dotore, zehatz eta aldi berean oso adierazkorra erabilita.
Galdera: "Badakizu? Rock and rollak bizia salbatu zion. Anputazio guztiengatik ere, dantzatzen ahal zinen rock and roll irrati batekin...". Hitzok Lou Reed-en "Rock'n'roll" kantatik hartuak dira, eta garrantzia handia dute istorioan.
Aizu!, 2001-11