Hitzen misterioa

Javier Rojo

"Sugearen tristura"
Jesus Etxezarraga
Pamiela, 2001

   Jesus Etxezarraga uzkur izaten da euskal letren plaza bitxira agertzeko. Horrexegatik, haren libururen bat agertzen denean, berri interesgarria izaten da. Kasu honetan "Sugearen tristura" izeneko narrazio liburua argitaratu du. Kontakizun bilduma baten aurrean gaude, eta bizpahiru ezan ezik, liburu honetan agertzen diren istorio gehienak nahiko laburrak dira. Irakurleari atentzioa ematen dion lehenengo ezaugarria (lehenengo paragrafotik nabarmena baita) barrokismo handiko estetizismoa da. Halako eratan, non liburua misterioz beteriko esaldi ulergaitzez osatuta dagoelako inpresioa uzten baitu... mundu eutsiezin bat islatu nahi duten testu kriptografikoak bailiran. Honetan bat datoz forma eta esanahia: desagertutako mundu baten aurrean sentitzen den melankolia adierazi ezina. Era askotan azalduta agertzen den desagerpen honen ondorioz, hitzak baino ez zaizkigu gelditzen, baina hitz hauen benetako esanahia zein den interpretatzea ezinezkoa zaigu. Hitzen formaren estetika hutsa gelditzen da orduan, garai loriotsuak gogoratu nahian. Ziur asko, Carver-ekin ohitutako irakurleei honelako istorioak hanpatuegiak, erretorikoegiak, irudituko zaizkie, baina ezin uka ahaztutako misterio baten oihartzuna belarriratzen digutela.

El Correo, 2001-09-26

 


www.susa-literatura.eus