Irudi eutsiezina

Javier Rojo

"Henriren irudia"
Pablo Sastre
Susa, 2000

   "Henriren irudia" izeneko nobela honetan Pablo Sastrek Euskal Herriaren nolabaiteko antza daukan eskualde berezi bat aurkeztu nahi digu. Eskualde horretan, pertsonaia bat, Xan, denbora batez "barruan" egondakoa, Henri aspaldiko burkidearen bila dabil. Bilaketa honetan, Xanek beste pertsonaia bitxi batzuk topatuko ditu, eta denek aldez edo moldez Henri ezagutzen dutenez, misterioz beteriko pertsonaia honi buruzko informazioa jasoko du irakurleak. Bilaketa hau, ordea, aitzakia hutsa da, eta Henriren bila joateak Xanen ibilerak justifikatu beste zereginik ez du. Izan ere, idazleak Euskal Herriaren itxura duen mundu hori nahi du begien aurrean jarri, dena izkutuko esanahiz beteta dagoelako itxura emanez. Estilizazioaren lanabesaz baliatu da idazlea, baina ikusarazten zaiguna distortsionatzen duen lente batetik iragazita dagoela ematen du, ia-ia ameskaizto gogoko batean bezala. Gehiegizko sinplifikazioa eta, bestaldetik, idazleak hautatu den idazkera bitxia, baten batek pastixetzat definituko lukeena, ere ez dira batere lagungarri. Abiapuntu interesgarria zuen liburu honek, baina galdu egiten da, istorio bat kontatu beharrean, lokamutsezko ideien munduan dagoen eskualde baten deskripzio sinbolikoa egin nahi izan baitu ekintzen bidez.

El Correo, 2001-09-19

 


www.susa-literatura.eus