Deabruaren hiztegia

Javier Rojo

"Deabruaren hiztegia"
Ambrose Bierce
euskaratzailea: Xabier Olarra Lizaso
Ibaizabal, 2000

   Ambrose Bierce idazle bitxia da. 1842an jaio zen Estatu Batuetan. Eta 1914an desagertu zen Mexikon, halako zirkustantziatan non idazlea nobela baten pertsonaia bihurtuko baitzen Carlos Fuentesek idatzitako "Gringo viejo"-n. Euskaraz agertu den liburua, "Deabruaren hiztegia" izenburua duena, ere lan bitxia dela esan daiteke, eta nago, euskal irakurle askok honelako literaturari erakusten dion atxikimendua ikusita, arrakasta handikoa izan daitekeela gure artean. Liburuak, izenburuak dioenez, hiztegiaren itxura dauka. Aipatzen dituen hitz bakoitzaren ondoan, hiztegietan egin ohi den bezala, definiziotxo bat agertzen da batzuetan, bestetan definizio hori osatzeko edota ordezkatzeko poema edo bertso batzuk zein istorioren bat ere ager daitezke. Tonua, idazleari ospea eman dion tonua, zinikoa da eta, lotsak eta beldurrak alde batera utzita, bere garaiko gizartean ikusten dituenak kritikatzen ditu. Denak pairatuko du (barka topikoa) bere luma zorrotzaren eztena, batere politikoki-zuzena ez den tonu horretan: politika eta politikariak, gizarte ohiturak, emakumeak, idazleak... Hipokresia jorratzeko ahalegin bikaina, gauza bat bakarrik falta duena: idazleak bere burua ere kritikaren xedetzat hartzea.

El Correo, 2001-08-29

 


www.susa-literatura.eus