Azken bidaia

Javier Rojo

"SPrako tranbia"
Unai Elorriaga
Elkar, 2001

   "SPrako tranbia" Unai Elorriaga idazle gaztearen lehenengo nobela da, eta lortu duen emaitza ikusita, ez ahal da azkena izango. Pertsonaia bitxien saila aurkezten digu idazleak bere nobelan, xelebreak batzuetan, eromenaren mugetan daudenak bestetan. Eta guztiek, bizitzaren garai desberdinetan dauden arren, bidaia batean galduta egotearen inpresioa uzten diote irakurleari. Norabait heldu nahi bide dute, beraien helmuga non dagoen oso argi ez badute ere. Pertsonaia sail honetan batek merezi du aipamen berezia, Lucasek hain zuzen, istorio guztia beraren inguruan aritzen baita. Bizitzaren azken aldean dagoen agure honen buruan errealitatea, oroitzapenak, eta eromenak oroitzapentzat ematen dituenak (oroimena eta irudimena maila berean baitaude) nahasten dira, oraina, lehena eta izan zitekeena, denak bat izango balira bezala. Interes handiko nobela da Unai Elorriagaren liburu hau; izan ere, pertsonaiak eta hauek egiten dituztenak kontatzeaz gain, kontaeraren garrantziaz ere arduratu da idazlea, narrazio-maila desberdinak txandakatuz eta denboraren haria apurtuz aurrera eta atzerako saltoen bidez. Irakurleari, bere aldetik, zerbait eskatzen dio: osagai narratiboen ugaritasun horretan ordena bilatzea, alegia.

El Correo, 2001-08-22

 


www.susa-literatura.eus