Mundu absurdoa
Javier Rojo
"Ipuin errotikoak"
Karlos Linazasoro
Alberdania, 2001
Ipuin errotikoak izenburu iradokitzailea duen kontakizun liburua argitaratu du Karlos Linazasorok. Bi zatitan banatua agertu da. Lehenengoak "Hil artekoak" du izena eta esketx itxurako hamazortzi kontakizun biltzen ditu. Absurdoaren teatroaren zordun badira ere, nire ustez, esketx moduko istorio hauek batzuetan zerikusi handiagoa daukate Harold Pinter bezalako idazle batekin, Beckett berarekin baino. Bigarren atalaren izenburua "Akufenoak" da, eta ipuin laburren bilduma da, izan. Horietako batzuek esaldi bat baino ez dute askotan, eta orain dela urte batzuk argitaratu zen antologia batean agertzen zen kalifikazioa har dezakete: ipuin hiperlaburrak. Liburu honetan idazleak irakurlea absurdoaren munduarekin jarri nahi du aurrez aurre. Absurdoaren aurkezpen hau, oro har, honela egiten da: itxuraz arrunta dirudien egoera batean elementu arrotz bat, egoera horrekin zerikusi bat bera ere ez duena, sartzen da: pertsonaiek, ordea, ez dute elemenu horren arroztasunaren kontzientziarik. Honelako liburuek ezinbestekoa izan ohi dute irakurlearen konplizitatea eta, alde honetatik, idazleak behin eta berriro egiten dizkio keinu bereziak irakurleari azaleko egoera bitxian geratu beharrean interpretazioak bila ditzan.
El Correo, 2001-07-25