Misterioak pizten duen grina
Jose Luis Padron
"Ipuin-entzulea"
Aitor Arana
Ibaizabal, 2001
Aitor Arana (Legazpi, 1963) idazleak, denboraren denboraz eta bere ibilbidearen gaztetasunean barna, frogaturik utzi du hizkuntzarekiko ardura berezia, hainbat hiztegi eta esperantoari buruzko liburuak kaleratuz. Hitz-munduen ikerlari gogoari jarraiki, euskal literaturan gehiegi ezagutu gabeko bideak igarotzea eta lantzea du gogoko. Eta beste literatur esperientzietatik bereganatutako eraginen oihartzuna antzeman badaiteke ere, Ipuin-entzulea eleberriaren tramak berezkoa du erakargarritasuna eta hartan pizten den misterioa.
Misteriozko narrazioak eta haur literatura dira Aitor Aranak bereziki jorratu dituen literatur generoak. Loaren bidez (SM, 1990), Afrikako semea (Elkarlanean, 1991), Ipuin Ilunak (Kriselu, 1995), Uxue eta Urtzi (Ibaizabal, 1997), Gaueko ortzadarra (Pamiela, 1997), Herrauskorritse (Mensajero, 1998), Atharratzeko erregina (Hiria, 2000) edota Onan (Txalaparta, 2000) tituluak ditugu gertu-gertuko sormen lanen artean.
Ipuin-entzulea lana Euskaltzaindiak eta BBKak antolatutako 1999ko Txomin Agirre eleberria saria jasotzetik dator. Egilearen beraren kezka-minari erantzun nahi dio lan honek: zein dira, alegia, liburuen hartzaileak? Galdera horri erantzuteko ahaleginean harrapatuko gaitu gu ere, Itziar Mantxola izeneko idazlea haren miresle sutsu den Fermin jaunak bahitzen duenean, bahiketa horren istorioa kontatzen baitigu Aitor Aranak. Horrela esanda, beharbada, Sthepen Kingen Misery etorriko zaigu gogora, baina honetan bahituak ez du askatasunik lortuko bahitzaileari munduko ipuinik ederrena kontatuko dion arte. Zuri dagokizu lortuko duen ala ez arakatzea.
Zabalik, 2001-07-21