Herri tradizioa
Javier Rojo
"Geure ipuinak"
Xabier Etxaniz Erle
Pamiela, 2000
Ipuin tradizionalen antologia berri bat plazaratu du Xabier Etxaniz Erle idazle eta ikertzaileak Geure ipuinak deitutako liburu honetan. Folkloristek egindako bilketa lanetan oinarrituta, idazleak istorio multzo bat aukeratu du eta pixkanaka moldatua edizio irakurgarria egiteko asmoz. Esan nahi dut liburu hau, bereziki irakurle arruntei zuzendutako lana dela, eta horregatik ipuinetan agertzen den idazkera euskara batura egokitu dela ortografia eta morfologiari dagozkienetan.
Horretara mugatu du edizio prestatzaileak bere eskua. Testuen bestelako hizkuntza berezitasunak bere hartan utzi ditu. Edonola ere, gai honetaz zerbait gehiago jakin nahi duen irakurlea ere gogoan izan du idazleak. Gibel solasa eta bibliografia egiterakoan erakusten duenez. Irakurleak batzuetan nabarituko du ipuinetan adibidez, salto handiak daudela denbora eta espazioan, edota pertsonaia batzuk agertu eta desagertzen direla: ohizkoak diren koherentzia parametroak errespetatu gabe. Kontuan hartu behar du ahozko tradiziotik hartuta daudela eta idatzizko aldaerak ezin dituela ahozko kontaeraren berezitasun guztiak gorde. Azken finean, ahots ozenez irakurtzeko liburua da, oso edizio zaindu batean marrazkiak eta guzti aurkeztua.
El Correo, 2001-05-23