Umore mingotsa
Javier Rojo
"Rock'n'Roll"
Aingeru Epaltza
Elkarlanean, 2000
Aingeru Epaltza Lou Reed-en abesti batean oinarritu da eleberri honi izenburua (Rock'n'Roll) jartzeko. Izenburuak iradoki dezakeenak, ordea, ez dauka zerikusi zuzenik eleberri honetan kontatzen den istorioarekin. Esan daiteke nobela beltzaren parametroetatik hurbil sortutako kontakizun baten aurrean gaudela. Baina idazleak aurrera pauso bat egin du genero honek eskaintzen dituen osagai topikoak erabiltzean.
Istorioa (gorpuak eta kazetariak, lapurrak, poliziak eta ikertzaileak, mozkortiak eta sektak dituen istorio hau) ironiaz, eta baita parodiaz ere, janzten jakin izan du idazleak, pixka bat luzea den arren, oso gustora irakurtzen den eleberri entretenigarri bat egiteko. Protagonista, bizitza pertsonala hondatua duen Eduardo izeneko kazetari gizajoa, bere gaztaroko adiskideekin batera, heriotzara eta desengainua eramango duen abentura txoro batean nahastuko da, nerabezaroa aspaldi atzean utzi ez balu bezala. Narrrazio honetan itxurek bilbe iluna marraztuko dute eta Eduardo korapilo hori askatzen saiatuko da, askotan faltsuak gertatzen diren hipotesiak planteatuz. Umorea eta mingostasuna, bietatik zerbait duen istorio honi, bestaldetik, mesede handia egin dio Epaltzak ohi duen idazkera barrokoa neurri batean moderatu izanak.
El Correo, 2001-04-25