Margolana

Ana Unanue

"Margolana"
Igor Elortza
Alfaguara-Zubia, 1999

   Istorioa: 2002. urtean gaude, eta Jon Mirande institututik margolan baliotsu bat desagertu da, misterioski desagertu ere. Liburuko protagonistek, institutuko bi ikaslek, aitortuko dutena baino gehiago dakite, eta gorriak ikusiko dituzte Polizia margolanaren arrastoari segika hasten denean.

   Hoberena: Margolana intrigazko istorioa da, eta intrigazko istorio bati eskatzen ahal zaiona ematen du: kontakizun arina eta bizia, irakurlearen jakinmina berehala piztuko duena. Nork arraiok lapurtu du margolana? Galdera horrek ziztatuta egingo du aurrera irakurleak, eta azkenaurreko orrian jasoko du ordaina, ustekabeko erantzuna alegia, halaxe agintzen baitu intrigaren legeak. Igor Elortzak oso ongi erretratatzen du bikote protagonista, eta kontakizuna bera ere taxuz egituratuta dago.

   Okerrena: protagonistaren jokaera Ane gaixoarekin. Horrelakorik ez duk egiten, txo, bizitza osorako traumatizatuko zuan!

   Galdera: zergatik egiten da hainbeste haur eta gazte literatura? Errazago saltzen delako, ala idazleei, batez ere Igor Elortza bezalako idazle berriei, beldur gutxiago ematen dielako gazteentzako liburuekin sartzea argitalpen mundura? Irudipena daukat joera hori dela-eta askotan ale ederrak galtzen ditugula "helduok".

Aizu, 2001-04

 


www.susa-literatura.eus