Amodioa nerabeentzat
Javier Rojo
"Matte-matte"
Antton Kazabon
Gero, 2000
Liburu honen formatua eta argitaratu deneko saila kontuan hartuz gero, irakurleren batek aurreiritzi okerrak egin ditzakegu. Izan ere, "Matte-matte" Antton Kazabonek idatzitako poema liburua da, gazteei begira egindako poema liburua, hau da, haurtzaroa atzean utzi eta nerabezaroan sartu berriak diren irakurleei zuzendutako poema liburua. Orrialde horietako gai nagusia maitasunarena da.
Lehenengoz maitemintzen diren gazteen ikuspuntura egokituta daudela ematen dute poema hauek, gai honetan jarrera oso erromantiko eta idealista azaltzen baita. Poemaren batean, gainera, idazleak beste pauso bat eman nahi izan duelarik, erotismo punttu leuna ere agertuko da. Gai nagusi honen ondoan, beste batzuk ere agertuko dira, naturalezarena, adibidez, baina bigarren maila batean eta gehienetan gai nagusi horren menpe, nonbait. Poemak soinuen paralelismoaren gainean eraiki dira batez ere, errimari berebiziko garrantzia emanez, metrika tradizionalean ohikoak diren estrofa motak erabili gabe. Gazteei zuzendutako poema liburuak oso urriak dira eta, alde honetatik, haren balioa azpimarratu behar da. Eta agian halako irakurleei zuzenduta egoteagatik, duda mudazko oreka puntu batean dagoela dirudike, bi munduren (haurren eta helduen munduen) artean.
El Correo, 2001-03-28