Ezinezko lurra

Javier Rojo

"Lur bat haratago"
Joan Mari Irigoien
Elkarlanean, 2000

   Joan Mari Irigoienen azken eleberria da gaurko liburua. "Lur bat haratago" liburuaren kontrazalean esaten denari kasu eginez gero, euskaraz inoiz egin den eleberririk mardulena. Nobela, egia da, mardula da, luzea, eta irakurleari arreta berezia eskatzen dio. Argumentuaren aldetik, nobela historikotzat edo har liteke, zeren gertakariak XVII. mendearen bigarren erdian kokatzen baitira. Lehen pertsonan idatzita (testua protagonistak adiskide bati zuzendutako idazlan luzea bailitzan aurkeztuta dago) eta garaiko idazkera, hau da, estilo barrokoa, imitatu nahirik, protagonistaren bilakaera existentziala kontatzeko asmo du eleberriak.

   Dena dela, eta idazleak eleberri hau burutzeko egin behar izan duen ahaleginari merezi duen balioa aitortu eta gero, esan behar dut emaitza ez zaidala ahalegin horren parekoa iruditu. Irigoienek hain gustukoak dituen kontrajarpenak eta dikotomiak alde batera utzita, zenbait gauzak pixka bat faltsuak dirudite: idazkera barrokoa imitatu nahiak, adibidez, berarekin darama pastitxearen arriskua, liburua, batez ere narratiboak ez diren ataletan, astuntzeaz gain; pertsonaiek, bestaldetik, beste garai batetik txertatuta dirudite. Gertatu ezin izan zena espekulazioaz haratagoko lur batean baitago.

El Correo, 2001-03-21

 


www.susa-literatura.eus