Jeans-ak hozkailuan

Ana Unanue

"Jeans-ak hozkailuan"
Patxi Zubizarreta
Alberdania, 2000

   Istorioa: Rakel senarrarengandik banantzekotan dago, eta Estatu Batuetara bidaia egitea erabaki du. Beste hamahiru lagunekin New Yorketik San Frantziskora doala, egunkari batean hustuko du barrena Rakelek.

   Hoberena: Estatu Batuetako bidaia Rakelen barne bidaiaren metafora bihurtzen du Zubizarretak, protagonistaren barru-barruko kontakizunen bidez segitzen baitugu Rakelen bilakaera. Idazleak hamaika istorio tartekatzen ditu, eta horiek bizitasuna ematen diote kontakizunari. Polita da, halaber, Rakel / Mary Landford identifikazioa, eta atal bakoitzaren hasieran ageri diren poematxo plastikoak ere bai.

   Okerrena: Rakelen onberatasuna eta xalotasuna. Gehiegizkoak, nire gusturako. Senarrak engainatu egin du, maitasun krisi betean dago, baina, hala ere, ez zaio antzematen espero zitekeen malaletxe puntua. Rakel onegia da, edo bazekien Alberdaniak bere egunkaria argitaratu egingo zuela, eta horregatik ezkutatu egin ditu horrelako egoeratan denoi ateratzen zaizkigun pentsamendu maltzurrenak.

   Galdera: zergatik gogorarazi dit liburu honek Juan Jose Millasen La soledad era esto? Agian egileak Millasen nobelan ageri diren elementu berberak erabiltzen dituelako istorioa kontatzeko: protagonistaren egunerokoa eta sasi-detektibearen txostenak.

Aizu, 2001-03

 


www.susa-literatura.eus