Pertsonaia euskal nobelagintzan
"Pertsonaia euskal nobelagintzan"
Karlos Otegi
euskaratzailea: Dionisio Amundarain
Gero, 1976
Gaitzat euskal nobelagintzako pertsonaia duen lizentziatur tesi hau bi zatitan moldatu da. Lehenak, "Analisirako elemenduak", bi kapitulu ditu: "Nobelako pertsonaia", metodologikoa, eta "Euskal nobelagintza, azterkizunaren ikuspegi orokorra". Bigarren zatian, lau kapitulutan, euskal nobelagintzako lau pertsonai-mota aztertzen dira: "pertsonaia indibiduala iraunkorki eraikia" (D. Agirre, Garoa), "pertsonaia indibiduala existenzial gatazkan" (J. L. Alvarez Enparantza, Leturiaren egunkari ezkutua), "pertsonaia kolektibua bere baitan urratua eta bere buruari oldartua" (A. Lertxundi, Ajea du Urturik), eta "pertsonaia babesgabea" (M. Ugalde, Itsasoa ur-bazter luzea da).
Gure literatur kritikaren alor soilean, guztiz onuragarria gertatzen da Karlos Otegiren saioa. Tresneria kritiko nahiko zorrotz bat bereganatu du eta aski zorrozki erabiltzen jakin du, batez ere Garoa-z eta Leturia-z ari denean, niretzat lanaren parterik baliotsuenak. Urturi-ri dagokionez, azterketa nahiko osagabea iruditzen zait: Garoa-n hain ongi adierazten den pertsonaia-kontalari erlazioaren arazoa ez da azpimarkatzen, eta hori da hain zuzen, beti nire ustez, Lertxundiren nobelaren punturik ahulena, zeren Urturi-n pertsonaia-mota berri bat eraikitzen bada ere, erabiltzen den kontalaria funtsean Agirrerena bera baita. Ikus adibidez hainbat kapituluri sarbidea egiteko modua: kontakizunaren argigarri edo giltz gertatzen den proposamen orokor batetan datza bi kasuetan. Itsasoa ur-bazter luzea da euskal nobelatzat hartzea ez zait bidezkoa iruditzen, definizioz euskal nobela bat ez delako, hain zuzen. Pertsonaia-mota berri bat aztertu nahiak ez du aukera zilegiztatzen, eta, bestalde, lana argitaratu orduko euskal ordain jatorrak publikatu direla hartu behar da kontutan. Puntu horretan, lana zaharkitua agertu da. Editoreen erruz dudarik gabe, baina zaharkitua. Bestalde, Otegiren azterketak ez ditu saihestu lizentziatur tesien akats jakinak. Batez ere, erabili den bibliografiako autore eta kritika lanen aipuez ari gara; ugariegiak dira eta badirudi egilea ez dela gauza izan informazio guzti hori mamitzeko eta irakurleari landuagoturik emateko. Aipu-ugarikeria hori epai-mahai baten aurrean zilegizta daiteke beharbada, baina ez esku-libururen forma hartzen duen zerbaitetan, irakurlearentzat azterketaren erritmoaren hauskarri eta ihardukiaren astungarri besterik ez baita gertatzen. Baina gogoeta hauen ondorioz ez beza irakurleak pentsa Otegiren saioa hala-holakotzat hartzen dugunik. Alor gaitz eta eskergabe bat (horregatik gure artean ia lantzen ez dena) hautatzeko ausartzia izan du, eta, berriro diot, saioaren balantzea, oro har, aski positiboa iruditzen zait, batez ere aintzindari gisa ihardun behar izan duela kontutan hartzen bada. Otegiren lanaren orrialdeetan zehar badute euskal nobelagintzaz arduratzen direnek zer ikas eta euskal unibertsitariek non exenplu har.
Jakin, 1977