Euzko-olerkiak

"Eusko Olerkiak"
Euskaltzaleak, 1935

        Urtero agertzen yakun idaztiņo onen aurre-itza, "Aitzol"i zor dautsogu. ederki egiņa dan ezkero, atal batzu ementxe jarriko doguz. Zaitegi'ttar Jokin'en "Tori nire edontzia"-ri buruz idatzi dauzan lerro oneik irakurri egikezuz, zerbait onik ikasi dozu-ta.

        Omero eta Mistral ditu irakasle.- Euskalerriko artzai eta arrantzaliak ditu kantagai Zaitegi yaunak bere "Tori nire edontzia"-n. Artzai eta arrantzalea izaki euskaldunetan yatorrenak gure odolaren bikaintasuna adierazteko. Bi oien arteko, bertsolaria aitatzen digu.

        Laburkiro oso, artzaiaren bizitz menditarra eta arrantzaliaren lan kementsua bertso bikaiņetan iraun-arazi nai izan du. Onela bai-deritzaio olarkariari euskeldunaren bizitz berezia egokiena ezagutu-arazi leikela.

        Bertso oien mamia orixe dugu; gure-guretarren izakera kantatzea. Olerkiaren jantziari ere euskal-kutsua erantsi nai izan dio. Artzaiak, mendi-tontor batean exerita, noizik beinka ezpel-makillaren azalean egin dituan marrazkiak erakutsi nai dizkigu olerkariak. Oneri eskaiņi ba-zion artzaiak ainbeste denporan landutako ezpel-makillaz egindako edontzi uraxe.

        Edontzi ortan zer ikusi, orixe adierazten digu olerkariak, Irakasbide polita egitan:

        "Tori artzai-ontzi au, olerkaria!
        txatxarra izan arren, abenda-odolez
        igortzi eta aren gogoaren atsez
        lurrindu baitizut nire oparia!

        Aitonaren aitak asi zun arloa;
        oianean ezpel-makilla ebaki
        ta pitxi bai-litzan landu au poliki...
        Azaltzera noa gure lan-asmoa".

        Zaitegi'ren olermenetik sortutako irakasbide berezia ote degu bide sotil eta apain auxe edo besteengandik ikasia?

        "Tori nire edontzia"-ren asierak Mistral'en Mireio'ko zatiren batekin zer ikusirik ba-dula esan leike.

        Mireio'ko IV'garren Kantan, Ilari artzaiak Mari'ri esku-ikusia eskaintzen dio, ez urre-bitxirik, ezpel edontzi ikutu-gabeko berria baizik. Ara artzaiak zuzentzen dizkion itzak: "Au esan da meiteki atera zuan kolkotik ezpelezko edontzia. Atseden-orduetan olakoak egiteko astia ematen zuen arri baten gaiņean. Aizto bat, beste gabe, bikainki lantzen zitun artaldea zuzentzeko kriskitiņal eta lepo ustaiak eta ezurrezko yoale-miian txori ta lore ta nai bezanbat edergaillu egiten zitun. Edontzi au ikusi bazendute, etzenuten sinistuko artzai-aiztoz egiņa zenik. Inguruan larre ugari loretsua zedukan, eta bi basauntz larrea yaten, edontziaren belarritako. Beerago iru nexka zoragarri eta artzai bat zugazpean etzanda. Nexka xaxtrakak artzaiarengana urbiltzen ziren ixilka, ta saskian zeraman maats-mordoetatik bat aboratzen zioten. Ametsetan ari zan mutilla, parrez esnatu, ta nexketako bat ikaratu. Erroaren kolorea izan ez balu, aiek bizirik ziruditen edontzi artan. Berria zen, oraino uki-gabea".

        Provenza'ko iturri onetara Zaitegi'ren irudimena urbildu danik, esan bearrik ez dago. Au irakurtzekoan, nunbait, gure olerkariari bere olermena ernaitu zitzaion.

        Ba-ditu, noski, zerbaitzuk Mistral'engandik yasoak Zaitegi gazteak; ori begi itxuan nabaitu leikena degu. Ongi yasoak, ordea, gizontasunak agintzen duan legera.

        Olerkariari artzaien eskaintza: ezpel-azalean, ain egoki, gure gizonen bizikera agertzea bere-bereak ditu Zaitegi'k, Mistral'ek edontzian nexkatx batzuen yolas zoragarria erakutsi zigun; Zaitegi'k ordea, artzaiaren edontzian mamitsuago eta giarrago ornitu digu ezpel azala.

        Erriaren bizitza onela adieraztea egokiagoa bai-da jolasketaxoa kantatzea baiņo.

        Hefestos'ek, bere sutegian, egindako eskudo apaiņaren berri eman zigunean, Grezi'ko bizitz errikoia era onetan edestu edestu zigun Omero'k. Yainkotzaz bezela yotzen zuten grezitarrak, olagizonen buruzagi zan. Hefestos arek bakarrik egin zezaken Akiles'eri eskeiņi zioten eskudo ura.

        Bai aldakit nik zenbat gai errikoiak urrea, zillarra eta burnia galdatu ondoren eskudo aretan azaltzen ziran. Etzan makala, txantxetan ere, Hefestos'en trebetasuna orrelakoxe gauzak egin zezakeen ezkeroz.

        Omero'k, bentzat, ikusten zituan aberastasun aiek banan-banan Iliada'ko XVIII'garren kantan bertso bikaiņetan parra-parra esaten dizkigu.

        Bateko, gasteen tobera taldeak kalez-kale; besteko, erri-auzitegian asarrea; emen, bi gudamutil-aldra guda bizian; an, soroan, itzalak itzulian. Urrutixeago igitariak garia moztutzen; aizkenean, maasbiltzalleak mordoak karraitzen eta Grezia'n, beste gisa onetako lanbide errikoiak urre, zillar eta burni tartean ikusi zeizkien Omero'ri sinistekotan.

        Ez digu nai izan Zaitegi'k Omero'n antzera Euskalerri'ko lanbide eta oitura guziak ezpel-edontzi orretan irauli. Orrelako mirarik egiteko gure artzaiak, Hefestos bezela, yainkotxikia izan bearko zuan-ta.

        Artzaien kutxarroa

        Edontzi, murko eta beste ontzi azaletan erriaren bizitz eta ipuiak marrazkitzeko oitura ori zarra da. Grezia'n, bate ere, zaleak ziran ontziak era orretara ornitzen eta apaintzen. Omero'ren Iliada eta Odisea'ko zati yaioenak gaurdaiņo ontzietan, kolorearen bidez biziturik, iraun dute.

        Ez da atzerritarren oitura, bakarrik, izan auxe. Gure artzaiak ere antziņetik dituzu "kutxarro" apaiņak egiten trebeak. Kutxarroa, zer dan diozu? Eusko-artzaiak ezur adarretatik, ezpel eta beste zuatzetatik egiten dituzten edontziak. Gure gizonok, aizto utsez Mireio'ko Ilari artzai mutillak bezela, edontzi azalak ornitzen dituzte. Batean, abere izugarrien edo arkume otzanen itxura; bestean, gizonen edo gauza baten irudi baldartxamarrak, ar-arian, zur biguiņean edo ezur gogorrean irartzen dituzte.

Euzkadi, 1935-IX-14

 


www.susa-literatura.eus