Arrats-beran

Zubimendi'tar Joseba

"Arrats beran"
Lauaxeta
Verdes Atxirika, 1935

        Orain ere euskaltzaleak zerekin poztua ba-degu. Gure ele zarra ba-dijoala-ta zotin da negar geienean ari ba-gera ere, noizik beinka pozaldiak izaten ditugu. Egun auetan Urkiaga'tar Estepan olerkari goi-mallakoak agertu duan olerki-sorta, eskuartean dabilkigu.

        Soñeko apañez jantzia du "Lauaxeta" argiak, bere azken semea. urrezko izkiz josi dio musua; baña itxuraz polit izate utsakin, gure gogoa asetzeko ez litzake aski. Soin mardul ta muin eztia dana bere barrua. Asieratik bereganatu gaitu liburutxo onen egilleak. "Neskatxu gorriska" bati egindako olerkia dakarki lenen eta bere lilluretako neska, eguzki argitan igesten zaion arratsa, izen liteken olerki tajutze politena.

        "Argizko goiz betea
        eguan eder muñoetan!
        Geure neskatxu gorriskea
        galdu azanat eguzkitan!"

        Olerki goxo onekin ematen dio asiera. Gero, atzetik, berrogei osatzeraño. Zein baño zein argiakoak, goi-arnasak aizemenak.

        Gure lan txiro onetan ezin guziak aztertu. Gai guziak dabilzki ta beti txukun. Aberri maitasuna, atsedena, irrizko esaerak, gogamen sakonak.

        Alditan, Tagore olerkariaren antza arkitu diogu. Ez ari ostua, berak bezin argi ta egoki erabillita, baizik.

        Esku artean daukagun liburutxo au, nunaitik zabal dezagun. Ona "Ezkontza-goxa". Neskatxa, zaldunen zai dago

        "Zaldi-otsak axian
        —urkijak dardari—
        Kanpai-otsak torrian
        —¡zuriz jantzi zadi!—

        Neskatxaren ametsa ez da egi biurtuko

        "Zaldi-otsak axian
        —¡iñor ezta agiri!—

        Kanpai-otsak torrian
        —¡baltzez jantzi zadi!—"

        Itzuli ditzagun beste orri batzuek. Orain "Bertso ZarraK". Ona olerkariaren gogoa

        "Ederren
        ogei urte lerden
        gorputz baltziskan diranian:
        bixitzan
        zoruntsu gadixan
        biar dogunaren gauzeza!
        ¡Kanteak,
        ardau-edontzijak
        eta mattasun baten poza!"

        Egokiago, lizunkeriarik gabe azaldu al leike ludi onetako maitasun ta ardo edale kanta? Itxi dezagun orain idaztia. Berriro, ardurage, zabaltzean "Izlapurra" begi aurrean

        "Zortzi arraunlari barruban
        —zidar utzezko arraun miak—,
        izlapurren nagosi jaunak
        ontzi zurija arin eroyan."

        "Zidar utzezko lagun" oiek bururatzea bai pozgarri. Ta olerki onetan ba-dakar neskatxa maitalea ere.

        "¿Kaya matte-dozu, neskatxa?
        ¡Diz-dizko tantaz dozuz oñak!
        Gorputz eder orren bekatxa
        nabaitzen dabe uin urdiñak."

        Olerki onen edertasunak ezin utzi ditugu; baña goazen aurrera. Berriz zabaldu degu itxi genduan liburua. "Bolutxu zurija" arki degu oraingoan.

        Lendik ezaguna gendun orain ustekabe azaldu zaigun lantxo au. "Yakintza" aldizkingian irakurri genduanean bezin atsegin zaigu gaurkoan ere

        "Bolu-bolutxu zurija,
        —zamarijen txilin-otsa—
        Bolutxuko goiz argija,
        ¡errotarrijen dunbotsa!
        ... ... ... ... ... ...
        Bolu-bolutxu, zer dozu?
        Egaz dabil arranua.
        Makal-arteko bidexkaz
        zerran igesi bikua.
        ¡Zidar-litsa zein ñimiño,
        boluba gelditzen dua!"

        Irakurle, geiagorako lekurik ez degula ta, atzeneko olerkiakin guaz. "Amayur gaztelu baltza". Au ere lengoaren tokian ezagutua. Ordutik, zenbat aldiz irakurri ote degu. Buruz dakigu-ta!

        "Amayur gaztelu baltz ori
        —berreun gudari oro sumin—
        zaintzen zattuben zaldun onak
        Naparra-aldez egin dabe zin.
        ... ... ... ... ... ... ...
        Arresi gorri, zubi ausi,
        -zein gitxi diran zaldun orreik
        Erijo, samurño zakije
        aberri-min baitabiltz eureik.
        ... ... ... ... ... ... ...
        Berreun gudari oso sumin
        gaztelu-pian dagoz illik.
        Ordutik ona, —zenbat laño—
        Naparruan ezta aberririk".

        Ona, saltoka, "Euskaltzaleak" sortutako lenengo olerki egunean saritu zan "Maitale kutuna"-ren egilleak agertu digun azken lanen azterketa. Ez gaituzte maxiatzalle; agertzen diran lan onaren goratzalle baizik. Emen dakusgun idazti onetan, amaikatxo bertso atsegin arkitu ditugu. Neurketa egokia, itz-amaiera berdin osoa, eresi antzeko entzutea, eder-gaietan oparo.

        Guretzat akaztxo bat: zail xamarra. Batez ere gipuzkoarrok ezin ulerturik aritu bear. Ez guzian. Zati osoak arkitu ditugu errezak; baña, alboak, beste ulerkaitz bat. Agian bizkaitarrentzat ez da orrela izango. Egizale gerala-ta au agertu gabe ezin, ba, gelditu.

        "Arrats-beran" gure iritziz, lengo kalte ori begi aurrean jarrita ere, gaurdaño ditugu olerki liburuetan onenetakoa azaltzen zaigu.

        "Lauaxeta" olerkari bikañari gure zorionik sutsuenak eta beste bat —al ba-da errezagoa— argitara dezala lenbailen.

El Pueblo Vasco, 1935-VIII-11

 


www.susa-literatura.eus