Itzulera
Felipe Juaristi
"Joan zaretenean"
Jokin Muñoz
Alberdania, 1997
Gizon bat Donostiara iristen da, Madrilen hamabi urte pasa eta gero. Autobusez iristen da, joatea ere autobusez egin baitzuen, eta hiriko kaleetan zehar hasten da ibiltzen, euripean, langarrak bustitzen dizkiola gorputza ez ezik, pentsamentuak ere bai. Haurtzaroa eta nerabezaroa, biak hirian igaro zituen eta orain, hainbeste urte kanpoan pasa eta gero, ibilian ikusten duen edozein harrik, edozein etxek, edozein kalek ireki egiten du haren baitan oroimenaren kutxa eta, ariketa horrekin batera, sentimenduzko dantza ikaratian hasten zaizkio azaltzen iraganeko uneak.
Nobela barnerakoia idatzi du Jokin Muñozek, oroitzamenaren jokoak aginduta akaso. Recherche gisakoa, alegia, oso frantsesa taxukeraz nola doinuaz, erritmoaz nola enfasiaz. Prousten hartan madalena jaten hasteak oroimenaren makina pizten zuen bezala (eta Proust aipatu badut, jeneroan maisu eta aitzindari izan zelako da), Muñozenean bozeto batzuk dira, bakoitzak bere erara eta bere indarrez oroitzeko prozesuari ateak zabaltzen dizkiotena. Bozoetoa da, nire ustez, nobela honetako sinbolorik nagusiena. Bozeto bat ez baita zerbait amaitua, osatua, proiektua da zentzu metafisikoan: izateko jaio dena, baina oraindik ez dena. Osatugabeak baitira pertsonaiak: Alvaro, Madrilera ihesi joanda, pertsonaia motel, soraio, ahula, maite dituen pertsona bakarrak (Mikel eta Helena) atzean utzi baititu, horrek zer ekarriko zion, minaren zein leizetan sartuko zuen jakinik. Mikel bera, haurtzaroko eta nerabezaroko laguna, zerbait egin behar zelako edo, konpromezu politikoaren gurdira igo eta aurrera segi, kartzelan amaitu arte. Helena, maitasunetik herren dabilen emakumea. Alvaro maite duen arren, jasangaitz zaio haren pasibitatea. Bozetoa da, neurri handian ere, Alvaroren gogoetako Euskal Herria: izan nahi lukeen zerbait, baina zer izan daitekeen oso garbi ez jakin.
Hiru pertsonaia dituen nobela honetan errepasoa ematen zaio garai bateko gazte-bizimoduari. Hiria Donostia da; apenas ematen zaigun Madrileko erreferentziarik. Gazteak, Parte Zaharrekoak dira, espazio ezagun eta mugatuan jan, edan, lo egiten dutenak; hitz batez esanda, bizi. Batzuek xeringa eskuan amaitu zutela gogoratzen du Alvarok; beste batzuek, pistola eskuan. Hori izan zen haien Patua, aurreraegi joan ziren eta azkenik ametsetik erori. Alvarok ihes egin zion Patuari, baina, jakina, Patuak beti bi aldiz deitzen du norberaren atera.
El Diario Vasco, 1997-11-29