Omenaldi gisa

Felipe Juaristi

"Itzulpen antologia II"
Askoren artean
EIZIE, 1998

        Aurreko Itzulpen Antologian hainbat euskaltzale omendu zituzten, haien testuak argitaratuz. Oraingo Antologia honetan, zenbakiz bigarrena, beste hainbat eusaltzale omendu dira: Jose Basterretxea "Oskillaso", Jean Haritschelhar, Jose Antonio Retolaza, Juan San Martin, Maritxu Urreta, Luis Villasante, Piarres Xarriton eta Agustin Zubikarai. Aurrekoan bezala, bakoitzaren testu bat argitaratzen dute, lanaren adierazgarri eta erakusgarri gisa.

        Edgar Allan Poeren "Upel bethe amontillado", Jose Basterretxeak itzulia. Ez da ipuin ezagun horren euskarazko itzulpena bakarra, Jon Mirandek (poezale izaki) ere itzuli baitzuen, bere erara. Bestalde, Poeren ipuinak itzuli samarturik daude gurera. Duela gutxi. 1996.ean hain zuzen, Juan Mari Mendizabalek itzulitako "Gutun ebatsia" argitaratu zuen Ereinek. Poemak geratzen dira, oraindik, euskaratzeko. Nahi duenak badaki...

        Jean Haritschelharrek frantsesez jarri zituen Barkoxeko "Etxahun"en bertsoak. Lan mardula da, erabatekoa inondik inora. Antologia honetan, zaleak "Ahaide delizizus huntan" irakur dezake, euskaraz, noski, eta frantsesez. Jose Antonio Retolazak haur-gazteentzat egin zituen lanak, Kili-Kili aldizkarian batez ere. Antologia honetan, komiki-puskak ageri dira. Juan San Martinek itzulpen asko egin ditu bere bizitzan eta luze joango liztaiguke denak, banan banan, aipatzea. M.D. Ghelderoderen "Zaldun bitxia" aukeratu dute EIZIEkoek liburu honetarako. Maritxu Urretak ingelesetik itzuli zuen Alixe Duermillerren "Itsas-malda zuriak" izeneko poema luzea. Luis Villasanteren "Jesucristo, los fundamentos de la fe cristiana II" liburuko kapitulu bat irakur diateke liburuan. Piarrez Xarritonek, itzulpen lan ederrak egin ditu, Tomas Mororen "Utopia" esaterako. Antologiarako Pierre Eirten "Pirinio mendien inguruan" aukeratu dute.

        Azkenik Ausgustin Zubikaraik itzulitako "Bizkaiko Batzar Nagusiak" ageri da liburu mamitsu eta aberats honetan.

El Diario Vasco, 1998-06-20

 


www.susa-literatura.eus