Donostiako historiak

Felipe Juaristi

"Urgulleko arima herratua"
Inazio Mujika Iraola / Joxean Muñoz
Donostiako Udala, 1997

        Liburu bitxia da hau, bereziaz gainera. Donostiako udalak argitaratu zuen, donostiarrok (neu ere barne, oso-oso donostiarra ez banaiz ere, hiriburuan bizitzeagatik zerbait geratu baitzait donostiarrek itsatsirik) Urgull Mendia eta hango parajeak hobeto ezagutzeko. Liburuaren bigarren zatia, "Urgull Mendian barrena paseatzen", argazkiz beteta dago. Marrazki bat ere ageri da bertan, Urgull Mendikoa hain zuzen, zer non dagoen zehatz adierazten duena. Izan ere, liburua kaleratu zen garaian (azkeneko orrialdean irakurtzen dudanez, 1997 urteko uztailaren 18an —egun seinalea— amaitu zuten inprimatzen) berritzen ari ziren mendiko tokiak, txukuntzen, ikusgarriagotzen, "guztiok mendi honetaz gozatu ahal izan dezagun".

        Historia polita du Urgull Mendiak. Jakin nahi duenak kontatuko dionik ez du faltako. Liburu-egileek, literaturaren makulua lagun dutelarik, horixe egiten digute: historia kontatu. Baina zer historia? Non hasitakoa? Hauxe irakur daiteke lehen esaldian: "Setioa iraiula bukaeran hasi zen". Donostia karlistek inguratua dago. Gerra da, gerra odoltsua liberalen eta karlisten artean. Mutiko batek, une latz batez soldadu bihurtua bera, huts galanta egiten du hiriaren defentsarako eman dioten tokian, eta horren kariaz arima herratu bilakatuko da, mamu alegia. Beste mamuen konpainia izango du, egurastera ez bada, paseatzera ateratzen dneean, eta guztien historia kontatuko digu mamu horrek. Horrela irakurleak ikasi egingo du hiriari bere gain eta sorbaldetan dituen mendeetan gertatu zaiona: frankoen etorrera, Nafarroako erregea, Gatzelarekin bat egitea, frantsesen erasoak eta abar... Era berean Donostiak eman dituen pertsonaiarik inportanteenak ere ageriko dira liburuko orrialdeetan ( batzuk mamu bihurturik, baina ez guztiak).

El Diario Vasco, 1999-03-13

 


www.susa-literatura.eus