Garai bateko zantzuak
Felipe Juaristi
"Andimaren idazlan hautatuak"
Andima Ibinagabeitia
Pako Sudupek prestatua
Elkarlanean, 1999
Andima Ibinagabeitia Elantxoben jaio zen 1906an. Josulagunetan ikasi zuen, Tuteran, Liolan, Burgosko Oñan eta Belgikan. Dena dela, apaiztu aurretik utzi zuen ordena, 1935ean hain zuzen. Hitzaurre interesgarria deritzot Pako Sudupek idatzitakoari. Berau da garai horretako paper zaharrak arakatu eta aztertu ondoren, argi piska bat ekartzen saiatu dena. Lehenago idatzia du Sudupe azkoitiarrak Nemesio Etxanizi buruz, haren biografiaren eta ideologiaren berri emana baitigu liburu landu batean. Era berean, zaletua izanik, euskal munduaren barrutik berebiziko lana egin duten zenbait egile, bultzagile, idazle edo kazetariren berri ere ekarri digu.
Hitzaurrearen zati haundi bat Iñaki Goenagarekin egindako elkarrizketak betetzen du. Literatur pieza polita da eta interesgarria oso, Iñaki Goenagak Andima Ibiñagabeitia ezagutu baitzuen, biak ikaskide izan baitziren josulagunetan. Giroa, kezkak, euskararen inguruko auzia, dira jorratutako gaiak. Ibiñagabeitiak lanbide asko izan zituen bere bizitzan zehar. Pako Sudupek aipatzen duenez (nik horretaz ezer ez nenkielako diot) espioitza lanetan ere jarduna omen zen. Gerrak (1936koak) Portugalen harrapatu zuen. Deustura itzuli zen 1943an eta han lanean hasi zen Jose Antonio Agirrek emandako agindua betetzeko asmoz: Francoren indarren berri jaso eta zabaldu. 1947 poliziaren eskuetatik ihes egiteko, Parisa alde egin zuen. Erbestea besterik ez zuen ezagutuko harrez geroztik: Guatemala eta Venezuela azkenik. Caracasen hil zen.
Antologia honek balio du gorputz eta arimaz euskaldun zen gizon baten ibilbidearen berri izateko. Andima itzultzaile ederra dugu, baina liburu honetako testuetan kontalari fina ere badela erakusten digu.
El Diario Vasco, 1999-06-19