Mallorcaren lilura
Felipe Juaristi
"Negu batez Mallorcan"
George Sand
euskaratzailea: Miren Arratibel / Aintzane Atela
Ibaizabal, 1999
Joan zen mendean, itxura denez, modako jarri zen Espainia. Iraultza egin zuen Europan toki basa eta arrotza zen, ikusgarria, ezezaguna, Afrikatik gertu, iluna. Espainiari buruzko "kondaira beltz"ak ez zuen asko lagundu, egia esan. Jende askorentzat eta intelektual batzuentzat Espainian edozer gauza gerta zitekeen, sinesgaitzena bazen ere. Andaluzian, bidelapurrek bidaiariak jan egiten zituztela esaterako. Hala dio, behintzat, Jan Potocki jaun kondeak Manuscrito encontrado en Zaragoza liburuan. Bidaiari guztiak ez ziren hain esajeratuak izan, baina Espainiaren toposa indartu egin zuten. Mérimée (George Sanden maitale izana), Gautier, eta beste asko aipa daitezke. Edo Victor Hugo bera... Bidaiaririk gehienak, joan zen mendean, ingelesak ziren, Borrow Biblia-saltzailearen eta Ford-en jarraitzaile. Frantsesak ere etorri ziren, Pirineoek liluraturik, emozio berrien bila. Horietakoa zen George Sand edo Aurore Dupin jaiotza izenez. Chopin musikagilearekin etorri zen Mallorcara 1838ko neguan. Negu horren kronika aparta da George Sand-en hau. Garaiko liburua da, uhartearen deskripzioak (aski zehatzak) idazten ditu, batez ere, baita bidaiari buruzko iritzia azaldu ere. Mallorcarren bizimodua ere ongi deskribatuta dago, eta idazleak garbi uzten du haiengan ikusten duena. Bidaiari bate eskertu behar baitzaio ikusten duena kontatzea eta garbi gainera, kontaera gozatu gabe. Ez, George Sand-ek ez zituen oso maiteak mallorcarrak; zakarrak, alferrak, diruzaleak aurkitzen zituen. Mallorcarren diruzalekeria topikoa baita, aspalditik gainera. Egia da, bestalde, Mallorcan gosea pasa izan dela ia oraintsu arte. Baina uharteko paisaia izugarri atsegina zuen. Eta hori antzematen da. Benetan hunkigarri eta aberatsak dira George Sandek egiten dituen deskripzioak. Horregatik, beharbada, saltzen dute liburua turistentzako dendetan.
El Diario Vasco, 2000-09-09