Bizitza aldatuz

Javier Rojo

"Edo zu edo ni"
Ixiar Rozas
Erein, 2000

        Eleberri honen izenburua ikusita (Edo zu edo ni) eta gai nagusia bikote baten banaketaren inguruan bilduta dagoela azalduta, baten batek pentsa lezake Ixiar Rozasen lehenengo eleberri hau bolero baten gaiaren garapena baino ez dela. Testuak, zorionez, aurreiritzi hau gezurtatzen du. Bikote baten banaketan oinarritzen da, bai, zeren, gaztaroa atzean utzi duen 60 urteko emakume batek galdutako bizitza berreskuratu nahi duenean gertatutako banaketa baita argumentuaren ardatza. Baina narrazioak, ia-ia nahi gabe, hari askotatik jotzen du, denboran atzera eta aurrera eginez, oroitzapenak eta momentuko ekintzak nahasiz, ametsa eta errealitatea (edonola ere, zein da errealitatea?) plano berean jarriz. Idazkera ere zatikatua da, pintzelada inpresionistaz eginda egongo bailitzan, Grazianak, eleberriaren protagonistak, pintatzen duen margoa idatzita aurkeztu nahi baligu bezala Rozasek. Ikusgarria da, baita ere, narratzailearekin eta ikuspuntuekin egiten den erabilera. Rozasen lehenengo nobela da hau, baina begibistan dago idazle honek idazketa kontu hauetan trebezia handia daukala. Nire ustez, Edo zu edo ni azken bolada honetan euskaraz argitaratu den eleberririk interesgarrienetako eta hoberenetako bat da.

El Correo, 2000-12-27

 


www.susa-literatura.eus