Euskal odola
Javier Rojo
"Gerturik daukagu odola"
Joxean Sagastizabal
Pamiela, 1999
Joxean Sagastizabalek esanahi berria aurkitu dio "odola eman aberriaren alde" esaldiari Gerturik daukagu odola izeneko nobela labur honetan. Betidanik probokazioan gustora ibili da idazle hau, eta zenbait gauza hain serio eta traszendente hartzen dituen herri honetarako halako jarrera bat erakustea eskergarria dela uste dut. Honetan, Sagastizabalek euskalduntasunaren funtsa eta muina non dagoen aurkitu du... non eta RH- odolean daramate euskaldunek euskara ikasteko gaitasuna. Honek bidea ematen dio idazleari nobela labur barregarria egiteko, metaforikoki esan ohi dena hitzez hitz hartuz gero sortuko litzatekeen egoera absurdoaren lepotik. Honela, banpiroen istorio erotiko dibertigarria gauzatu du idazleak, egoera parodikoz beteriko kontakizun irakurterraza. Sagastizabalek irakurle euskaldunei beren buruaz barre egiteko aukera eskaini ohi die bere idazki gehienetan. Izan ere, umorea, inguratzen gaituen egoeratik babesteko lanabesa egokia izan daiteke. Egia da nobela txiste errezen intraszendentzian mugitzen dela, baina liburu honek ez du bestelako gauzarik eskaintzeko asmorik, eta alde honetatik ondo baino hobeto betetzen du bere funtzioa. Barre eragitea oso gauza serioa da, eta Sagastizabalek badaki nola egin.
El Correo, 2000-02-02