Gizarte kritika
Javier Rojo
"Arima hilak"
Nikolai Vasilievitx Gogol
euskaratzailea: Jose Morales
Ibaizabal, 1998
Nikolai Vasilievitx Gogol idazle errusiarraren Arima hilak nobela ezaguna argitaratu berri du Ibaizabalek, Jose Morales Baldaren itzulpen ederrean. Eleberriaren argumentua bitxia irudituko zaio irakurleari, dudarik gabe: Txitxikov izeneko pertsonaia erroldatik oraindik kendu ez dituzten nekazari hilak ("arima hilak") erosi nahi ditu arrazoi ilun eta, dirudienez, ez oso legezkoengatik. Hau dela-eta, herriz herri dabil Txitxikov, lurjabe askorekin negozio berezi hau burutu nahirik. Batzuek baietz esango diote, izan ere, arima hilak saltzeak parada ematen die zerga gutxiago ordaintzeko. Beste batzuk, ordea, harrituta geratuko dira, zer egin ez dakitela. Baina argumentua aitzakia baino ez da XIX. mendeko Errusian agertzen diren jende motak ezagutzeko. Lurjabe zekenak, funtzionari susmatiak, soldadu harroputz handiusteak, alferrak, mozkorrak... Halakoak dira eleberriko pertsonaiak. Eta pertsonaiok pintatzean, kritika gogorra, oso gogorra burutuko du idazleak. Ezen begibistakoa da idazleak ez dituela bere pertsonaiak maite, beraien lepotik trufa egin eta barregarri utzi nahi ditu eta. Nobelaren bigarren atalean kritika piskat leuntzen bada ere, hauxe da liburuaren alderdi ikusgarriena: kupidarik gabe gustuko ez duena astintzea.
El Correo, 1999-06-09