Estiloa dela-eta

Javier Rojo

"Joskera lantegi"
Juan Garzia Garmendia
IVAP, 1997

        Juan Garzia Garmendiak Joskera lantegi izeneko lan mardul honekin estilo liburu berri bat plazaratu digu. Gure artean, batez ere azken urteotan, modako gai errekurrentea bihurtu da estiloarena eta ondo idaztearena. Gauzak horrela, idazle (eta komunikabide) batzuek beren estilo liburuak eskaini dizkigute. Baina gauza hauetan aukera zabala edukitzea batzutan arriskugarria izan daitekeelarik, hainbeste estilo libururekin irakurle gizajoari dudak argitu beharrean ilundu egin dakizkioke azkenean. Ez dut esaten arauak izatea ez dagoela ondo; are gehiago, euskara bezalako hizkuntza batean arau zehatz eta argiak izatea behar-beharrezkoa da. Baina kontuz ibili behar da irakurlea ez zoratzeko. Kasu honetan, joskeraren inguruan esaldiaren antolamenduaz eta honekin zerikusia duten beste zenbait gaiz aritzen da Juan Garzia. Liburua lanabes interesgarria izan daiteke, zenbaitetan itzulpengintzari gehiegi lerratuta egon arren. Alde honetatik, ezin dugu ahaztu liburu honen jatorrian Itzulpen Zerbitzu Ofizialean emandako ikastaroak daudela. Gauza bat, ordea, ez zait gehiegi gustatu, noizbehinka erabiltzen duen tonua, alegia. Izan ere, batzutan Juan Garziak mundu guztiarekin haserretuta egongo balitz bezala idazten du.

El Correo, 1998-09-16

 


www.susa-literatura.eus