Literatura txikia

Javier Rojo

"Sara izeneko gizona"
Bernardo Atxaga
Pamiela, 1996

        Atxagak kondagintzan aritzen denean bi lan mota egin ohi ditu. Batzuk serioak dei daitezkeenak dira. Hauetan aukerak aztertu, mugaraino eraman eta, batzutan, baita agortu ere, egiten ditu. Besteak, izenen bat emateko, konpromezuzko lanak dei litezke. Azken hauetan, edozein gai hartuta, eta narratzailearen trebeziari esker, obra itxurosoa egiteko gai izaten da Atxaga, nahiz eta lan hauek besteen mailara inolaz ere heldu ez. Azken hauetakoa ematen du Sara izeneko gizona eleberriak. Joku tekniko korapilatsurik egin gabe, idazkera zuzen eta gardenarekin, eta batzutan folletoietatik hartuta dirudien teknika erabiliz (kapituloaren bukaeran bide berri bati ekiten zaio, hurrengoaren atea irekiz) lehenengo karlistadan kokatutako istorioa kontatzen digu Atxagak. Dena den, gerra horri buruz ez, baizik eta askoz hurbilago dagoen beste gatazka bati buruz ari dela iruditu zait askotan. Egia esan, kontatzen zaiguna tragediaren mugan dagoelarik, bestelako lana, sakonagoa eta jasoagoa, egiteko aproposago zirudien, honetan burutu duen konpromezuzkoa baino. Sinpletasuna gora-behera, Atxagak lan polita egin du. Besterik ez. Edozein modutan, honelako eleberriekin bere espazio naturala kontakizun laburra dela gero eta frogatuago dagoela uste dut.

El Correo, 1997-01-16

 


www.susa-literatura.eus