Flauberten itzulpena
Javier Rojo
"Bihotz sinplea"
Gustave Flaubert
euskaratzailea: Patxi Apalategi
Erein, 1996
Garai batean itzulpengintzaren eskasiak arduratzen zuen euskal kulturaren inguruan mugitzen zen jendea. Gauzak horrela, gure alboko herrietan gertatzen zenaren berri jakiteko, erderara jo behar zen, nahi ta nahi ez, isolaturik eta desinformaturik geratu nahi izan ezean. Orain, ordea, egoera zeharo aldatu omen da: itzulpengintzak izugarrizko lekua dauka euskal liburuen produkzioan. Eta, kopurua ezezik, kalitatea ere kontutan hartzen badugu, maila inoiz ez bezalakoa da. Batzutan, berriz, dudaren bat sortzen da: Zentzurik al du itzultzen den guztia itzultzeak? Zeren guk denok gutxienez bi hizkuntza baitakizkigu. Dena den, sormena, batez ere kopuruaren aldetik, bere mugara heltzen ari dela ematen duenean, bestelako bideak aurkitzeko aukera paregabea daukagu orain itzulpenei esker. Literaturaren esparrura mugatuta, ikusgarria da hau, adibidez, XIX. mendeko elaberrien kasuan. Praktikan nobelarik ez dugun garai horretan zabaldu baita gehien genero hau gure inguruan. Ikuspuntu honetatik interesgarri deritzat Flaubert-en testu honen itzulpenari. Idazle hau nobelagintza eredugarrienaren eredua delarik, testuingurua eskaintzen digu klasikoa zer den jakiteko. Topikoak euskaraz ere topikotzat identifikatzeko aukera, alegia.
El Correo, 1996-11-14