Euskal heterodoxoa

Javier Rojo

"Zurian zirika"
Patziku Perurena
Elkar, 1995

        Patziku Perurenak merituren bat badu euskal literaturaren esparru honetan, hauxe du: nahi duenean nahi duena esateko adorea. Batzutan esaten duenaren ondorioak ez neurtu, ordea, eta horrek haserreak eta gaizki ulertuak ekarri dizkio. Hau dela eta, ezagunak dira gipuzkoanoekin izaten dituen disputak, nire ustez, barregarri xamarrak. Perurenak pentsatzen duena esaten digu, bere pentsamendua inolako apaindurarik gabe eskeiniz. Ez du bere produktua jazkera egoki batekin estaltzen. Ez da politikoki zuzena. Froga bat behar duen irakurleak artikulo bilduma interesgarri hau irakur dezake. Denetako gaiak erabiltzen ditu, eta gehienetan bere ikuspegi berezia dauka. Eta batzutan halako moldez gertatzen da hau, non gauza guztietan ikuspegi eta iritzi desberdin bat edukitzera behartuta sentitzen dela baitirudi; beti artaldetik aldenduta. Heterodoxoaren papera hartu du eta horrelaxe jokatu behar, azken ondorioetaraino. Nafarroako herri euskaldun txikietatik hitz egiten digu Patziku Perurenak eta haren iritzietan euskalduntasuna (munduaren neurria) tradizio esentzialista batekin parekatuta agertzen da. Nik, ordea, oso urruti dut mundu hori. Eta Nafarroatik barik, batzutan beste planeta batetik idazten duela iruditzen zait.

El Correo, 1996-08-01

 


www.susa-literatura.eus