Ezkutuko historia

Javier Rojo

"Poliedroaren hostoak"
Joan Mari Irigoien
Erein, 1995

        Joan Mari Irigoienek ahots berezia du euskal literaturan, estilo markatuaren jabe da-eta. Haren lan bat hartu eta berehala konturatuko da irakurlea Irigoienen nobela duela eskuen artean. Poliedroaren hostoak estilo berezi honen lehen adibideetako bat izan zen, eta orain, hainbat urteren ondoren, argitarapen berrituan heldu zaigu. Gaia historikoa da nolabait, kontatzen baitu nola pertsonaia batek bere familiaren gorabeherak aztertzen dituen lehenengo gerra karlistatik aurrera, bere nortasunaren bila. Ikerketa hau burutzeko, arbasoekin lotzen duten historiaren azpiko hari ezkutuak argitzen saiatuko da. Idazleak, bere aldetik, goian aipatutako estilo propioa osatzen duten ohizko elementuak erabiliko ditu: idazkera abstraktua, barrokoegia batzutan; errealitatearen eta fantasiaren arteko mugak apurtzea, biak mundu berberean integratuz; alegoriarako joera, gehiegizkoa nire gusturako. Eta gaia aurrera eramateko, ekintza kontrajarrien simetria dialektikoan oinarrituko da, historiari buruzko teoria bat ere aurkezten duelarik. Askotan aipatu da Hego Amerikako nobelak Irigoienengan duen eragina. Orain, nobela honen zenbait atal berriro irakurtzean beste izen bat etorri zait burura: Italo Calvino eta Gure arbasoak.

El Correo, 1996-05-30

 


www.susa-literatura.eus