Oroimen kamutsa
Javier Rojo
"Matriuska"
Inazio Mujika Iraola
Erein, 1995
Liburu honetako hiru narrazioetan frankismoaren azken urteetako kronika pribatu xume bat egiten zaigu. Gertaera handiak kontatu beharrean, gertaera garrantzitsu horiek (batez ere Carrero Blanco-ren hilketak) pertsonaia arrunt batzuen bizitzetan zer-nolako lekua betetzen zuten azaltzen zaigu. Eta pertsonaia hauek inolaz ere heroiak ez direlarik, beraien bizitzak beldurrez, koldarkeriaz eta isiltasunez beterik daude. Azken finean, kontatzen diren gauzak (gatazka politikoak edota gerra zibilaren erreferentziak) sekretuak bezalakoak dira pertsonaia horientzat, eta hitzerdika baizik ezin daitezke kontatu, hain zuzen ere tabu handi bat apurtzen arituko balira bezala. Hau dela eta, Gobernuko presidenteaz izena aipatu gabe hitz egiten da. Eta kronika egiten denez, oroimena jarri behar da lanean; idazleak aukeratutako ikuspegia, ordea, umeen eta agureen ikuspegi distortsionatua izan da. Bi klabe ditugu, beraz: tabua apurtzea eta ikuspegi distortsionatua; hitzerdika kontatzea eta objetiboa desenfokatzea. Horregatik historia eta leiendaren arteko mugak difuminatuta agertuko dira. Liburuxka interesgarria dugu hau, gustora irakurtzen dena, baina handia izatera heldu gabe, asmoz eta gaiz ez baita hori bilatzen.
El Correo, 1996-05-02