Kriptogramatikoa eta hermetikoa
Angel Zelaieta
"Hari hauskorrak"
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Erein, 1993
Generativismoaren eskola barruan estilistikaz dihardutenek esan ohi dute bereziki James Peter Thomerrek poesia dialekto berezi bat dela, poesia irakurketa atzerri hizkuntza ikastea bezalakoa dela eta poesiak gramatika independientea daukala: Rikardoren poemak irakurtzen badituzu, antzeko zerbaitekin topo egiten duzula esan daitekeelakoan nago. Hiru verso irakurriko ditugu, adibide gisa: "Goiztirian hodeiez ederreztaturik / lema hartuko duzu / Korinthotik hastanduz betirako". Goizalde bi eman izan ditut "Hari hauskorrak" irakurten, edo hizkuntza berezi hori neureganatu nahian: hasteko, "hastanduz" Azkuerenean begiratu dut. Duvoisin eta Axularrek darabilten hitza dela jakin dut. Bistan dago: aszetika ahantzi xamarra neukan.
Errezepzioaren Estetikaz gure aldion hitz egin dutenek, literatura komunikatze modu berezi bat besterik ez dela, eta autorea, lana eta publikoa hirukotearen arteko zerbait dela: gaitz da, baina, Rikardorena bezain testu kriptogramatikoa eta hermetikoa errezeptorearengana hel dadin.
"Boskarren Haria" egin zait neuri atseginen eta irakurterrezena. Izan dezake Borgesen eragin bat. Eta hainbeste nekadura, gaiztokeria eta "inoiz grekoak izan" ez bagara ere, labirintoan zehar gabiltzanontzat "Begi sorta bat oparitu zigun gauak". Ez da askorik, baina bai bizi izaten jarraitzeko aina.
Euskaldunon Egunkaria, 1993-07-18