Beste baten zain
Juan Luis Zabala
"Dena dago zatitxo baten baitan"
Rufino Iraola
Kutxa, 1994
Komentatu behar dizuedan hau Rufino Iraolaren lehendabiziko liburua da. Ez dakit egilea pozik izango den ala ez, baina niri, egia esan, lehenengo liburua honelakoa izateak poza baino gehiago pena ez ote lukeen eman behar iruditzen zait. Ez ordea esan dezadan azkar, okerreko interpretazioren bati bide eman aitzin Iraolari iazko Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazteko balio izan zion ipuin hau txarra delako, eta honetako argitalpenak tristeak eta ilunak direlako baizik, geltoki bazterreko trenbide herdoildu eta sasiak jandakoan abandonaturik utzitako eta inoiz handik irten behar dutenik ez diruditen bagoi zaharkituak bezala.
Juan Garziaren "Gabonak Gubbion" eta Inazio Mujikaren "Itoak ur azalera bezala" ditu aitzindari Rufino Iraolaren lan honek. Ohore handia, dudarik gabe, bi ipuin eder horien oinordeko izatea. Bi ipuin haiek ere izan zuten honen moduko argitalpenik. Baina noren eskuetara iritsi dira horiek? Noren eskuetara iritsiko da Rufino Iraolaren hau? Nork jakiten du liburu hauek kalean direnik ere? Eta, jakinik ere, nori bururatuko zaio ipuin bakarrez osatutako liburua erostea? "Gabonak Gubbion' ipuinaren benetako argitalpena Juan Garziari Alberdaniak kaleratu zion "Itzalen itzal" liburuan dago, eta "Itoak ur azalera bezala" fantasma hutsa izango da Inazio Mujikaren hurrengo ipuin liburua kaleratu bitartean, Rufino Iraolaren lan hau, beste modu batean argitaratzen ez den artean, izango den bezalaxe.
Aipatutakoa ez da gutxi baina ez da guztia ere: akats tipografiko ugari du argitalpenak; kurtsibaz askoz hobeto egongo liratekeen bi pasarte luze samar maiuskula nahasgarriz emanak daude; ipuinari ekin aurretik atzeko solapa irakurtzeko deskuidoa duen irakurleak Iraolaren testuari ekiteko interesa bertan behera galduko du, ipuineko gertakizun guztiak aurkituko baititu han, hasieratik amaieraraino, ezer gorde edo ezkutatu gabe...
Ipuinaz ere esan dezadan zerbait. Goian aipatu ditudan aitzindari eder horien kategoriara iritsi gabe, Irun Hiria bezalako sariketa prestigiotsuaren irabazle duina iruditu zait Rufino Iraolaren ipuingintzaren estreinakoa den lan hau. Hizketa eta kontaketa modu biziz, on beharrez ahalegindu arren anai-arreba guztiengandik esker txarra eta gaitzespena baino jasotzen ez duen fraile gizaixo baten gora-beherak aurkeztu dizkigu Rufino Iraolak. Ezinegona eta ezintasuna sentitzen du irakurleak frailearen neke eta kezken berri izatean, eta barre egiten du, azkenik, honek amaieran idazten dituen gutun ironikoekin.
Hasitako bideari jarraitzen badio, aurki izango du Rufino Iraolak ere bere lanei argitalpen duin eta eraginkorragoak emateko aukera.
Euskaldunon Egunkaria, 1994-11-06