Erromantizismoaz
Xabier Aldai
"Parisko Andre Maria"
Victor Hugo
euskaratzailea: Iñaki Azkune Mendia
Erein, 1997
Interpretazio ugari eman zaizkio Parisko Andre Maria nobela honi. Lehen soaran, gehienek eleberri erromantiko bikaintzat jo ohi dute, baina badira sakonago jotzen dutenak, hainbeste eskaintzen duen kontakizuna izaki. Bitxiagoak diren interpretazio horien artean, historizista da nagusi. Ikuspegi honen ustez, Victor Hugok liburu honen bidez adierazi nahi zuena Erdi Aroaren zinezko amaieraren azken zantzuak ziren: horrela baino ez omen da egokien azaltzen liburuko pertsonaia nagusi guztiak, Quasimodo, Frollo, Esmeralda, Febo kapitaina eta abar hilik izatea azken orrialdera iritsi aurretik, heriotza tragikoz hilik ere. Bide batez, heriotza ororekin gertatu ohi den moduan, orekari eutsi nahian edo, aro berri baten etorrera adierazi nahi luke nobelak, Errenazimentuarena, alegia. Besteak beste, autorearen beste zenbait eleberri eta poemak ere ildo beretik elkarlotu litezke; horrela, Miserableak nobelak hurrengo lekukoa hartuko luke, mende batzu geroago kokatzen badira ere bertan kokatzen direnak.
Bitxikeriak bitxikeri, ezin ukatu litekeena liburu honek duen aberastasuna da. Aberastasuna trama nagusiaren pean ageri diren generoen joritasunarengatik, darabiltzan metafora eta irudiengatik... eta harrigarria badirudi ere, hizkuntzak eskaintzen dituen posibilitate eta baliabide ugarien adierazgarri delako. Eta behinik behin azken meritu hau itzultzailearena da. Bere garaiarekin erabat leial, erromantiko hutsa da Victor Hugo. Sugearen antzera kiribilkatzen da bere lumaren baitan hizkuntza, harrigarria da ideia berbera iradokitzeko darabilzkien modu ezberdinak, beti ere ideia hura lehendabiziko aldiz ageri dela sinets eraziz irakurleari. Lan bikaina zinez Iñaki Azkunerena. Quasimodoren itxura deformatu eta Esmeraldaren edertasun paregabekoaren artean, Esmeralda eta Febo kapitainaren maitasuna, Esmeraldak zigorra jasaten ari den Quasimodo bere bahitzailearenganako duen errukia, horrez geroztik Quasimodori esnatzen zaion maitasun garra, eta honekin guztiarekin erabat kontrastean Frolloren presentzia zantarra, baita orrialdeotan ageri ez denean ere, gorrotoa, malezia... modurik egokienean aurkezten asmatu du.
Bestalde, honez gero, kontakizunak ez du sekreturik: hamaika liburutan banatzen den eleberria da Parisko Andre Maria. XV. mendean kokatua. Dinamikoa erabat. Hasera bertatik azaltzen dira zeintzu diren nobelako pertsonaiarik nagusienak, garai hartan famatua zen urtarrilaren 6ko festa zoroa aitzaki harturik. Orrialde guztiotan zehar mutu dirauen pertsonairik ere bada: Parisko Andre Maria Katedrala, hain zuzen. Quasimodo kanpai zaindari itsusi baina bihotz onekoaren hezkuntzaren lekuko, Frollo maltzurraren sufrikarioa behelainotan ezkutatzen du aldi berean. Esmeralda ederra ere gordeko du, Febo kapitainaren heriotzaz errudun aurkezten dutenean, garaiko legearen arabera, urkamendira kondenatuak eleizan baino ezin bait zezaketen babesa topa. Ezingo du ordea Frolloren jeloskortasunetik babestu eta azkenik, Parisko Andre Maria lekuko heriotzarekin zigortua izanen da. Izpiritu erromantikoari jarraiki, izanen dira beste hainbat heriotz, maitaleak inoiz gehiago ez banatzeko moduan elkartzeko ezinbestekoak. Ezinbestekoa den bezala liburu honen irakurketa.
Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-26