Aniztasunaren inguruan

Jose Jabier Fernandez

"Ipuin erotikoak"
Askoren artean
Txalaparta, 1998

        Txalaparta argitaletxeak liburu honekin bilduma berri bat zabaldu du. Literotura da bere izena eta literatura erotikoa argitaratzea da duten asmoa. Oraingoz, bi liburu plazaratu dira: euskal idazleek idatzitako ipuin erotikoen bilduma, eta bilduma honen arduraduna den Juan Martin Elexpururen Krabelina beltza eleberria.

        Gaur, irakurlearen hitzak honetara, bildumaren lehen zenbakia dakargu: Euskal idazleen ipuin erotikoak. Argitaletxeak Euskal Herriko zenbait idazleri narrazio erotiko bana eskatu zien, eta heldu zitzaizkien hemezortzi lanekin ipuin bilduma hau osatu dute, eta, bide batez, ahalegin berri honen lehen liburua.

        Idazleen artean, denetik aurki dezakegu. Bai izen kontsakratuak, eta baita hasi berriak ere. Azken hauen artean Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatzen duen ipuin erotikoen lehiaketan saritu dituzten lan batzuen egileak aipatu behar dira. Lehenengoen artean, gure ohiko idazleez gain, guraso euskaldunak zituen Lucia Etxeberriaren lan bat ere euskaratu eta lehen aldiz argitaratu da.

        Gainerakoan, hauek dira lan ausart honetan parte hartu duten idazleak: Joxean Agirre, Jon Alonso, Ur Apalategi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Izaskun Egiguren, Igor Estankona, Xabier Etxaniz Rojo, Jose Mari Etxaniz, Lucia Etxeberria, Julen Gabiria, Vicent Gil de Paules, Gerardo Markuleta, Xabier Mendiguren Elizegi, Juan Karlos Merino, Jasone Osoro, Marian Porcel eta Patxi Zubizarreta.

        Aniztasuna eta desberdintasuna

        Idazle anitz diren heinean, askotarikoak direnez ere, bilduma horretako lehenengo liburu honetan ezaugarri komunak aurkitzea zaila da. Gainera, erotismoa gure literaturan gehiegi jorratu ez den gaia izanik —kontu honen inguruan iritzi desberdinak badaude ere—, eta gaiak berak pertsonala, intimoa eta ezkutua izateko joera eta sena duenez, oraindik saio bateratzaileak edota laburpenak egiteko ahalmenak zailak dira.

        Hala ere, edozein azokatan edo erakusketatan gertatzen den bezala, nik ere baditut gustuko lanak. Orokorrean liburuaren maila ona da. Ez dago ipuin bikainik, erotismoaren gaiaz kanpoko bilduma edota antologia batean sartzeko lanik. Baina badira besteetatik nabarmentzen diren istorioak. Nire aukeraketan: Jon Alonsoren ironia bortitza —Nabokov eta Mirande maisuak gogora dakartzana—, Ur Apalategiren umore fina, Harkaitz Canoren irudimena —errealismoaren eta surrealismoaren arteko mugan—, Izaskun Egigurenen atzera begirada mende hasierako erotismora, Igor Estankonaren apustu desberdina, Xabier Etxaniz Rojoren anbiguotasuna, Lucia Etxeberriaren modernitatea, Julen Gabiriaren freskotasuna, Gerardo Markuletaren umorea eta Juan Karlos Merinoren ikuspuntu berezia.

        Baina bereziki, bilduman azkena agertzen diren bi ipuinak iruditu zaizkit aipagarrienak. Jasone Osororena, Estatu Batuetako zinema eta literaturari ohiko erreferentziak eginez, ipuin biribil eta ausarta da. Ildo beretik, Patxi Zubizarretak, ohikoa duen kultura arabiarretik abiatuz, bildumaren lan biribilena idatzi du, ipuina, alegia eta kontakizuna nahastuz.

        Erotismoz gose

        Oro har, lan interesgarria da hau. Literotura bildumako hurrengo lanek ere lehenengo honen maila izatea espero dugu. Niri, ordea, bukaeran zalantza bat gelditu zait: non daude erotismoaren eta sexuaren arteko mugak? Eta ez naiz ari betiko eztabaidaz, erotismo hitzak bere eremuetan jasotzen dituen esanahi zabalez baizik.

        Azken batean, hori baita nik gehien sumatu dudana faltan liburu honetan. Aniztasuna ez soilik idazle kopuruan, baita gaietan ere. Edota agian euskaldunok ez dugu jenero honetarako balio? Interneten euskaraz plazaratutako lehen lana sexuaren inguruan izatea esanguratsua izatea espero nuen, baina badirudi esanguratsua badela, baina aurkako zentzuan. Zoritxarrez.

Euskaldunon Egunkaria, 1999-04-17

 


www.susa-literatura.eus