Atabala eta euria; askatasunaren zarata

Jon Kortazar

"Atabala eta euria"
Joseba Sarrionandia
Elkar, 1986

        Joseba Sarrionandiaren bigarren narrazio liburuak ez du izan lehendabizikoak, Narrazioak izenekoak, izan zuen ohiartzunik. Uda aldean Durangon ospaturiko azokan aurkeztu zuen Elkar argitaletxeak Atabala eta euria liburua.

        Lehen liburu hark jarritako bide berdinak jorratzen eta ibiltzen ditu honek ere. Baina bere inguruan egindako isiltasunak misterio-aire bat jartzen du dindilizka liburuaren orrialdeetan. Zergatik ez ote du izan liburuak Sarrionaindiaren izenak merezitako ospea?. Norbaitzuk arrazoi politikoak aipatuko dituzte, beharbada. Besteren batzuk arrazoi literarioak. Haiek idazle eta literatoen lotura ezin askatua aipatuko digute, besteok liburuaren hizkuntza gustatu arren, ipuinetan erabilitako literatura kulturalista ez zaiela atsegin gehituko digute.

        Dena dela, bai batzuek eta bai besteek ez dute liburua, nire ustez, behar bezain karinoz tratatu.

        Liburua modernitatearen formen aurrean kokatzen baita eta kontatzeko era tradizionalak experimentuari ematen bait dio eskua.

        Egia da ba dagoela liburuko ipuinetan manierismo pixka bat, kulturalismo eta metaliteratura deituz hobe definitzen bada. Bertan erralitatearen munduaren tokia hartu du kulturaren munduak. Beste hainbat ipuin iraganeko mundu historikoa eta fantastikoa hartzen dute gaitzat. Batzutan, gainera iheserako bideak direla bata eta bestea esan dezake norbaitek. Baina gehienetan gaurkoaren kritika egiteko eratzeko erabili izan ditu Josebak.

        Liburuak batez ere bersatilitatea eskaintzen du. Espresio molde eta, ardura desberdinak batera jarriz, idazlearen munduaren erakustoki bat. Desberdintasuna gaietan, desberdintasuna estiloan. Askatasunaren zarata azken batean.

Eguna, 1986-10-05

 


www.susa-literatura.eus