Euskal idazleen lorategia
Letamendia
"Euskal idazleen lorategia"
Karmelo Etxenagusia
Hegosa, 1969
Borondate ona bainan eskuak hutsik ez da aski harroka gaitza bere zimendutik ateratzeko. Konpresorak eta petarduak ere behar izaten dira bidearen urratzeko. Tresnarik gabe, lanabesarik gabe, efikaziarik ez.
Ikastolak, alfabetatzea eta batasuna direla-ta, autoreak eta beste euskalkiak ezagutu behar direla esan eta ari gera eten gabe. Bainan ondoren galdera bera entzuten dugu beti: Eta autore horiek non? Eta bere hortan gelditu ohi gera gure ezinean tinkaturik ondorengo pausorik gabe. Palankarik ez oztopo latz hori batasunaren bide bihurrietatik baztertzeko eta amiltegira botatzeko.
Ba dakigu onen-onena autore horiek oro berriro oso-osoki argitaratzea litzakeela. Hori, ordea, ez dago gauetik goizera egiterik, eta gainera, eginik ere, garestia litzake gazteriaren sakela sofrituarentzat. Aukerakera bakarra zati hautatuak argitaratzea da. Eta hauxe da Karmelo Etxenagusiak egin duena bere "Euskal Idazleen Lorategia" taxutzean. Argitaratzailea HEGOSA izan da.
Lorategi hau ahalik eta lasterren Euskal-Herri guzian zabaldu behar da. Datorren udazkeneko ikastaroa hasi orduko denon eskuetan behar dugu!!
* * *
Antologia bat egitea lan zaila da. Aukera bat egin beharra dago eta ezin, bada, guzian gogoa ase. Batzuek zaharrak nahiago lituzteke, besteek "garbiak" eta "landuak". Gogoan dezagun, ordea, lorategia ez dela lore bat, mordoa baizik eta mota ugarien agerbide nabarra, irakurleak autoreak ezagutu ditzan. Horregatik denetik sartu beharra dago.
Literatura guziek dituzte beren antologiak. Batzuek zabalagoak, konsultarako eginak, beste batzuek sakelan eramateko moduko laburpen motzak. Munduan den zaharrena Shi-King izenekoa bide da. Bost liburu horietan Konfunziok Txinako klasiku onenak bildu zituen. Greziatarrek, erromatarrek, arabiatarrek... denek antolatu zituzten beren lorategiak. Gaurkoek zer esanik ez. Izan ere, literaturaren kondaira, idazleak, eta izkelgiak ezagutarazteko ez dago beste biderik.
Lorategi huntan mugaz hunaindiko prosistak daduzkagu. Prosistak, poetena lehendik ere A. Onaindiaren "Milla Euskal Olerki Eder" liburua bai baigendukan. Bestaldekorik Axular bakarrik agertzen da, berez mugakoa baida. On litzake ere gure artean Lafitteren "Euskualdunen loretegia" inprimatu baledi antologia biek alkar osatu dezaten.
Etxenagusiaren bildumak hasiera-hasieran zenbait herri-ipuin, errefrau eta antzinako kristau-dotrinen zatiak dakarzki. Ondoren berrogei ta zortzi idazleen zatitxoak.
Liburua idazleak eta euskalkiak ezagutzeko bide bezala dago egokitua. Hortarako zati bakotxaren hasieran nota bat dakar labur bezain taxuz egina idazlearen berri emanaz, eta ondoren hiztegiño bat irakurketan laguntzeko. Liburuaren bukaeran ere beste hiztegi bat dakar liburuan zehar agertzen diren hitz zailtxoenek osatua. Guzira hirurehun horri dira, eta arras itxura txukunean dator.
Zeruko Argia, 1969-08-03