Parentesiak (eta abar)

Iñaki Camino

"Parentesiak (eta abar)"
Joxean Muñoz
Hordago, 1984

        Argitaletxeek poesiari uko egiten dioten arren, badira oraindik herri honetan olertia idazten dutenak, eta hauetako bat dugu Joxean Muñoz. 26 olerki atera ditu liburu honetan. Olerkien gaiak denetatik ditugu: batetik, bere maiteari edota bigarren pertsona antsiatu bati botatzen dizkionak: porlanez inguraturik bakarrik dagoen arbolari eginak, naturaren fenomeno zenbaitek sorrarazten dizkion sentipenak, irrifarraren esanahia bilatzen saiatuz egindakoak, euskal poesian ezagunak diren hainbat arazori buruz botatako barre ironikoak, euriaren hotsak iradokitzen diona, laguna konbentzionalkeriaz agurtu beharraren amorrua, maitea galtzeak dakarren samina eta liburuan zehar maiz ageri den kontua: maiteak bere denbora nola akaparatzen duen ikustea, maitearen izenean telefono zerrendako numero bat baino gehiago bilatu nahia, maitearen irribarrea paperean adierazteko ez letrarik, ez hitzik eta ez hizkuntzarik topatu ezina.

        Poesia pertsonala da askotan, romantikoa, hitz indartsuzkoa, elkarrekin zerikusirik ez duten hitzen kateaketak osatzen baitu anitzetan poema. Badira gainera, poema baten erdian irudi ongi lortuak, gustoko unea iragan erazten digutenak, zenbait poema erretorikoren erritmo nekeza bizkortzen dutenak.

        Koldo Izagirreren hitzaurrean, besteren artean, idazle honek bere poemei itsasten dien printzarik nagusiena zalantza dela diosku: autokritika dinamiko eta eraginkorra ere ediren du poemotan Izagirrek.

Argia, 1985-01-20

 


www.susa-literatura.eus