Olerkiak
Iñaki Camino
"Olerkiak"
Balendiñe Albizu
Egile editore, 1984
Ameriketara gerrak eraman zuen emakume zumaiar hau, eta lehendik zuen olerti grinak bere fruituak loratu zituen lurralde haietan. Maiz idazten duen olerkaria dugu Balendiñe, argitaratu duen olerki sortak erakusten duenez. Olerkiak mila eta bat gaiez eginak dira: atzerrian egon beharra sarri ageri da, galdutako Euskal Herriaz duen oroitzapena, euskal gazteriarengan duen itxaropena, maketo eta koreanoz bete den Euskal Herri gaixoak sortzen dion samina, askatasun egarria, gabonak, berak ereindako zuhaitza eta makina bat gai gehiago dira idazle honen buruhauste eta eztigarri.
Lerro motzeko olerkiak dira gehienak, bertan errima nahiko autonomoa zainduz. Argitaratze hau hiru liburuz osatzen dela esatea komeni da. Bukatzeko eta kalidadeaz zerbait esatearren, aitor dezagun olerkiak ez direla onak, liburuak duen hitzaurrean, Aita Onaindiak exkaxak direla esaten ausartzen ez bada ere, garbi uzten du ez direla beste munduko gauza. Ez bait da ahaztu behar Albizu bere olerkiak lantzen ez dituen idazlea dela.
Argia, 1985-04-28