Kcappo

Iñaki Camino

"Kcappo (Tempo di tremolo)"
Pako Aristi
Erein, 1985

        Idazle gazte honen aurren liburua dugu honako nobela. Tituluak ezer askorik argitzen ez badu ere, badu mamirik bere ehun orrialde paseetan barna. Euskal nobelagintzan Zubikaraiek hain maiz erabili duen giltzaz baliatzen da idazlea liburuaren oinarri kausala datekeena harilkatzeko: guraso ezezagunek edo gordin usaiezko arrazoiren batek munduratutako haurrek izan ohi dituzten arazo eta negarbideak. Herri ttipi batean bi mutiko hazten dira bi etxetan. Adiskidetu ahala jolaskide bihurtuko dira, eta eduki ere, biok batera edukiko dituzte neskekiko beren aurreneko maitasun eta sexu harremanak. Jakina, halako herri txikiak estuegi dira sabelpeko kontuak gazteengan onartzeko, eta batak nahiz besteak arazo anitz izango du bere bizimodua zuzen ateratzeko. Sentimenduzko harremanen nahasketak ere makina bat trajedia ekarriko die. Tartean noski, herriko apustu, bizikizun eta gainerakoak azaltzen dira. Gurasoen gazteen sendimenduenganako soraiotasuna, apezen gibel-jokoa eta sexu grinen asekaiztasuna ditugu atzenean trajedia bideratuko dutenak. Hamarna orrialdeko hamasei ataletan banatzen du liburua idazleak.

        Aipatzekoa da gainera, narrazioari dagokionez, gazte jendearen lehenengo nobelek izan ohi duten monotonia narratiborik ez dugula Aristiren lanean aurkitu, estilo arin xamarrez idazten baitu. Ez da puntako nobela, baina irakurtzeko balio du, eta ez da gutxi.

Argia, 1985-05-05

 


www.susa-literatura.eus