Bi anai
Iñaki Camino
"Bi anai"
Bernardo Atxaga
Erein, 1985
Jende askorentzat pozgarria izan da Atxagak atera duen nobela berria. Aurren aipuak ere onak jaso ditu.
Izan ere bada xelebre nobela motz hau. Idazleak ohitura duen bezala, Obaban kokatzen da. Narrazioari bi aldetatik ekingo zaio. Animaliak ditugu batetik (suge, txori nahiz kattagorri) eta protagonistak berak bestetik, giza jendea alegia. Nobelan zehar ageri da inoiz sekuentzi bera bi ikuspuntuetan emana. Denboraren trataera gehienik sinkronian ematen bazaigu ere, badira atzeraka egindako jauziak, istorioaren mutur guztiak lotzeko edota konstante batzu nabarmentzeko (apeza, trena...). Animaliak barrendari lana eta narratzera bidaltzen dituena, bere barnetik entzuten duten Mintzo ahalguztidun bat dugu.
Estilo kontutan ere badago zer esana. Orain arteko ipuinetan bezala, Atxagak herri hizkera ahozko eta adierazgarriari eutsi nahi dio, alfabetatuz gero batek baino gehiagok galdu ohi duen etxeko hizkera freskoa, nahiz haur denborakoa, naratzeko erabiltzen saiatuz.
Ipuineko harat hunatak Obabako neska-mutilen arteko kontuak dira. Mutil gazte batek bera baino bi urte zaharragoa duen anaia tentela gobernatu egin beharko du aita eta amaren partetik zurtz gelditu delako. Tentela, noski, gauza batzutarako ez da hain inozoa, eta gau ta egun edukiko ditu anaia nahiz apeza eta baita herriko jendea ere kezka gorrian. Maitemintze istiluak, gazte jolasak edo bekaitzak dira beste askoren artean nobelaren irazki.
Argia, 1985-05-19