Kastila zaharreko kontu zaharrak

Iñaki Camino

"Kastila zaharreko kontu zaharrak"
Miguel Delibes
euskaratzailea: Patxi Apalategi
La Primitiva Casa Baroja, 1985

        Herritik kanpo 48 urte igarotzen dituen batek, jaioterriko kontuen berri ematen digu beti antzeko neurria duten narrazio labur batzuetan. Behin herritik alde egin zuenak, hango landarediaren idorra eta bertako txoriak deskribatzen dizkigu. Herri haietako miseri gorria ez da 48 urte horietan aldatzen, itzultzen denean, herria beti bezala aurkitzen baitu Madrilen bizi izan den herriko semeak, herriaren traza bibliko iraunkor betikoan, aldaketa bakarra jendeak izandakoa da, zahartu egin baita. Kontatzen dizkigunen artean: erreka bazterrean urteko egun sinalatu batean karramarroak jatera nola biltzen diren senide guztiak, ez estudiatu eta ez lurra landu nahi zuelako bi egunez zakurraren kateari loturik aitak nola eduki zuen, ondare kontuak nola doazen, Sisinia, bere birjintasuna defenditzeagatik sastadaka ero batek nola hil eta bortxatu zuen, osaba zein arrazoi tentelagatik sartu zen apaiz, sexuaren aurreneko deien nondik norakoa eta halakoak. Kastilari aitortu zaion sapa, gelditasun eta heriotze giro berezi horretako kontaketak.

Argia, 1986-02-09

 


www.susa-literatura.eus