Atabala eta euria
Iñaki Camino
"Atabala eta euria"
Joseba Sarrionandia
Elkar, 1986
Jendeak gustora irakurtzen duen idazlea da Joseba Sarrionandia, ederki saltzen den generoa, gai atsegina gainera, ipui motzak, eta gertakizun extraliterario ugari atzetik.
Oraingoan beste narrazio saldoa ekarri digu, 10 ipuin hain zuzen. Beti bezala, Josebak demostratu digu gaia ingurune geografiko edo historikoan kokatzeko duen iaiotasuna. Besteetan bezala, herrialde galduetako gaztelu bakarti printzesa ederdunak, hondartza eta itsaso paregabeak, ziudade anonimoetako ostatu ilun anonimoak edo. Euskal Herriko baserri-giroko paraje baketsuak nahiz bestelakoak.
Irakurlearen harridura bilatuz, narrazioak beste narrazioetan barneratuko ditu, pertsonaia mitiko eta fantastikoak baliatuko ditu, doinu poetiko lehunezko prosa landuz arilkatuko du ipuiren bat edo beste, hizkuntza geldi isilean idazteko duen abildadea erakutsiz, Ulises eta undina edo zerenak bezain pertsonaia erakargarriak antzaldatuz, haurtzaro giroa ebokatzen duten lerroetan ganduzko mihiseak ehunez, naturaren sendimendu ezkutuak kaptatzen saiatuz, objetu eta gertaera ohizkoenei interpretazio inpresionista berria erantsiz, mundu berriak sortzeko duen maisutasuna aprobetxatuz, hitzei eta hizkuntzari soinu, usain, kolore eta gusto berriak edirenez eta beste hainbeste teknika ibiliz. Duen ospea ederki merezita daukala erakusten digun liburua.
Argia, 1986-06-29