Anark-herria
Mikel Mendizabal
"Anark-herria"
Marc Legasse / Jakue Pascual / Jimi Olaizola / M. Karlos
Txertoa, 1986
Anarkismoaren eta gure herriaren identitatearen aldeko liburu radikala atera berri digute. Ez da ez txikikeritan aritzen eta estadu tradizionalaren ezaugarri guztiak, goitik-behera kritikatzen ditu sarkasmo zorrotzez. Liburua, estatua kritikatzen hasten da, hau diruan oinarriturik erabateko zapalkuntza suposatzen duelako. Autoreak, hiru abertzale mota bereizten ditu gure herriaren historian zehar:
Burges nazionalismoa, Sabino Aranak eraiki zuena. Hemen barruan bi mota omen dira: Foralista-erregionalistak eta Euskal nazioa separatua bezala defendatzen dutenak, oinarri burges eta "demokratikoa" dutelarik.
Separatismo abertzalea: Euskadiren separazioa bere euskaldunizazio eta birbateratasunean oinarritzen da. Separazio sozial aurrerakuntza batean oinarritu behar da eta hontan datza sozialismoa, separatismoaren jarraipena, ulertzeko modu ezberdinean.
Anarkismoa: Anarkismoak nazionalismoaz betidanik duen ideia klase interesak ezkutatzen duela da. Baina anarko-abertzaleek Euskadin paradoxa mantentzen dute, hau da Euskal Herriaren bere separatismoaren eskubidea babesteko atzerritar estatuen manupea ukatuz, herri berezi bat garatuz. Eta honi ematen dio bereziki garrantzia autoreak, hau omen delako bere ustez, irtenbiderik hoberena.
Autoreak dioenez, gure herriak borroka gogorra egiten du inposatu zaizkion arauen aurka eta sabotaiaren alde hitz egiten du, hots ematen digunarekin ez konformatzea; sabotaia motorra eta terapia bezala, gure bizimoduaren parte garrantzizkoa izanik.
Ikus dezkezuenez, ez da oso arrunta Txertoa argitaletxeak hauetako liburu motak ateratzea, historiazko liburuak askoz arruntagoak izaten bait dira argitaletxe honetan; betiko kontuan gaude ordea: eboluzionatu ala desagertu, eta azken liburu hau hortaz hitz egiten digu, gure herriaren eboluzio edota iraultza erabateko batez.
Argia, 1987-01-25