Behin da betiko / Batxi Guzur
Mikel Mendizabal
"Behin da betiko / Batxi Guzur"
Resurreccion Maria Azkue
Euskal Editorren Elkartea, 1986
Jarraitzen du liburu sail honek euskal idazle klasikoen zenbait obra nagusi eskeiniz. Aurkezten den autoreari inongo meritorik kendu gabe, pena merezi du liburua erosteak Koldo Mitxelenak egiten duen sarreara bikainarengatik. Bere ustez euskal literaturaren ospe eta entzutea ez da gehegizko neurrian hazi eta gurendu. Azken aldi honetan izan ere, literaturak berak bere funtsean ezin neurtuzko aldakuntzarik ez duelarik ezagutu, besterik gertatu omen da literaturarekiko literaturarekin. Gure literatura urria dela esan genezake eta horretaz aparte beraunkorra, hots, berandu arte ez zitzaigun atera. Horretaz aparte gure hizkuntzan landu den gaia bakarrenetakoa, elkarrizketa arruntetik at noski, erlijioa izan da edo hobe esanda eliz arazoak. Jarraitzen du nahiko ezkorra izaten gure irakurleak aipatzean, hemen ere idazleekin gertatzen zen bezala nahiko gutxi omen dira, nahiz eta azken aldi honetan bere kopurua igotzen izan. Bestalde jende gehienak pentsatzen duen aurka idazle kopuru handiena, arestiko berriak kenduz, Ipar-aldetik datorkigu. Ondoren Mitxelenak zenbait euskal autoreen azterketa motz baina bikaina egiten digu.
Obrarekin sartu baino lehen Ines Pagolak, Azkueren biografia idazten du, segidan ipuin arin eta umoretsuetara pasatzeko. Bertan kostaldeko herri txiki bateko ohiturak eta bizitza kontatzen dizkigutenak. Literatura balio handirik ez badute, garrantzi handikoak dira ordea euskal literaturarako, beraiek bait ditugu Mogelek eta Añibarrok jorratutako bideetatik aldatzen hasia den literatura bizkaiera berriaren lehen lekukoetakoa.
Argia, 1987-03-29